http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Berezkoa dugu ordenari heltzeko premia, baina bizitza kaotikoa da»

Adam eta Eba dira Yoseba Peñaren azken eleberriko protagonistak. / José María López
Yoseba Peña - Idazlea

'Kaosaren ederra' argitaratu du, distopia teknologiko batean girotutako thriller filosofikoa 

IRAITZ URKULO

Yoseba Peñak (Sodupe, 1977) zientzia fikzioaren bidetik jo du bere azken eleberrian. 'Kaosaren ederra' du izenburu (Gaumin, 2017) eta bertan Adam eta Eba gizakien memoria egunero birprogramatzen duen Multzoaren aurka borrokatuko dira. Maitasuna arma bakarra izango dute teknologiaren erabilera gaiztoari aurre egiteko. Testuan tartekatutako irudiek eta komiki zatiek lagundurik, protagonisten eskutik hainbat errealitate maila ezagutu eta hamaika abentura biziko ditugu.

–Eleberriko protagonistak Adam eta Eba izan arren, trama ez doa teoria kreazionistaren bidetik...

–Protagonisten arteko lotura iradoki nahi nuen hasieratik; gainera, sagarraren pasartea nobelaren metafora da: Bibliako Adam eta Eba ezjakintasunean bizi ziren zoriontsu; Eba Jakintzaren arbolatik jatera ausartuta, jakintza eskuratzeagatik egotzi zituzten Paradisutik.

–Gizakiok geure buruari betidanik egin dizkiogun galderei heldu diezu: Zer da errealitatea? Eta ezagutzen dugun guztia gezur handi bat baino ez balitz?

–Filosoforik handienak borrokatu dira galdera horiekin. Batek ere ez du asmatu, hizkuntza tresna eskasa baita errealitateaz jarduteko; beti geratzen da labur. Beraz, errealitatea ezin badugu erabat ezagutu, zelan bizi? Gure zentzumenek itsumustuan gidatzen gaituzte.

–Zerk erabakitzen du gure patua?

–Uste baino lotuago gaude. Hasteko, gorputzak baldintzatuta gaude; bigarrenez, gure kulturak eta hezkuntzak; hirugarrenez, gure egoera pertsonalak... Ortega y Gassetek «nire zirkunstantzia» deitzen zion hiruron uztarketari. Horrek guztiorrek oso leku gutxi uzten digu erabakitzeko eta, halere (ez nuke ezkor agertu nahi), gure esku dauden erabaki txikiek sekulako ahalmena daukate.

–Distopia teknologiko bat sortu duzu. Badugu teknologia berriez ez fio izateko arrazoirik?

–Jakina. Teknologia berriek alienatu egiten gaituzte, gure kate berriak dira. Etxetik paseatzera irten eta mugikorra hartu behar dugu badaezpada. Platonen 'Haitzuloaren mitoa' izugarri esanguratsua da: leizetik ateratzen dena besteak askatzera itzuli, eta hil egiten dute. Beharbada, 'Kaosaren Ederra'ren bigarren zatiko metafora gisa erabiliko dut.

–Teknologiak berak zuzendutako balizko sistema baten mugak agerian uzten ahalegindu zarela esango nuke.

–Bai, hala da. Aurreko mendean, robotak bizkor gure mailaraino garatuko zirelakoan, Asimovek-eta zientzia fikzioa erabili zuten horren gainean hausnartzeko, gehienetan emaitza ezkorrekin. Teknologiak gero eta paper garrantzitsuagoa dauka gure gizartean, horretan bete-betean asmatu zuten, eta ez zait iruditzen hartzen ari garen bideak leku hobeago batera eramango gaituenik.

–Istorioa zientzia fikziozko generoari badagokio ere, egungo munduari egindako kritika gisa irakur daiteke?

–Horixe zen nire asmoa. Zientzia fikzioak beste mundu bat asmatu ohi du, ispilu bat non geure burua ikusi, geure akatsak azalarazi. Egungo mundutik abiatuta, kontrako bidea hartu dut, nire ustez fikzioak eskatzen duen hasierako irudimen-esfortzuak zenbait irakurle beldurtzen dituelako. Helburua eta helmuga, ordea, berdinak dira.

–Oroimenaren gaiak ere berebiziko garrantzia du istorioan. Zer ginateke gizakiok memoriarik gabe?

–Lagun baten amak alzheimerra dauka; gure amama ere burua arinduta joan zen. Gaiak izugarri hunkitzen nau: memoria barik ez gara gizaki, ez 'sensu stricto'. Gizarte memoria ere ezinbestekoa da. '1984' nobelan Egiaren ministerioa beldurgarria da: hemerotekak aldatuz, oraina ere aldatzen dute. Ez da kasualitatea ikasketa-planetan Filosofiak eta Historiak gero eta garrantzi ñimiñoagoa izatea Matematika, Ingelesa eta zenbait fribolitateren mesedetan.

–Maitasunak salbatuko gaitu hondamenditik? Sentimenduak dira gure azken gotorlekua?

–Ez gaitu ezerk salbatuko; edo Lurra suntsituko dugu, edo eguzkia amatatuko da. Bitartean, maitasunak bizipoza ematen du. Laku lasai-lasaia astintzen duen harria da maitasuna, baina Ezra Pound-ek, 'Kaosaren Ederra'n aipatu bezala, hobeto esan zuen: «Benetan maite duzunak dirau/ gainerakoa errautsa da./ Benetan maite duzuna/ ez dizute kenduko/ Benetan maite duzuna da/ zure/ egiazko herentzia».

Galdera sakonak

–Oinarri filosofikoa gorabehera, erritmo biziko eleberria da ekintza nagusi duena.

–Gazteek ere gustura irakurriko duten nobela bat idatzi nahi nuen, ekintza eta galdera sakonak uztartuz. Funtsean thriller bat da, protagonistak mundua salbatu nahian dabiltzalako, baina thriller filosofiko bat da.

–Zer dira egitura fraktalak? Zergatik tartekatu dituzu liburuan horietako baten irudiak?

–Objektu irregularrak dira, eskala aldatuta ere moldea mantentzen dutenak. Fraktalen irudia azalean ere agertzen da; Multzoa irudikatzen du, alegia, ordena inposatu nahi duen organizazioa. Mikel Mendibil irudigileak ederto ekarri du haren mehatxua: harri-hotza, matematika bezain errukigabea. Tarteko irudiok nobelako zati-aldaketak markatzeko erabili ditugu, Multzoa delakora gerturatzen ari garela ohartarazteko.

–Zein da testuko zenbait pasarte esanguratsu irudikatzen dituzten komiki zatien helburua?

–Hasiera-hasieratik, 'Kaosaren ederra' ikusi egin dut. Nobela izan arren, aldi berean, sortzean, nobela grafiko edota pelikula baten moduan irudikatzen joan naiz. Fernando Morillo editoreak oparitu zidan zati adierazgarrienen komikia egiteko aukera. Emaitza ikusita, 'Kaosaren ederra' komiki formatuan ateratzeko ari naiz lanean. Ea 2018an.

–Amaierarako gorde dut eleberriaren izenburuarekin lotutako galdera: Zer du kaosak hain ederra izateko?

–Maiteminduta egon denak badaki: sentimenduen zurrunbiloa, zirrara, poz itzela... Berezkoa dugu ordenari heltzeko premia, baina bizitza kaotikoa da; ezin da aurreikusi, planeatu, gidatu. Bertso onak, hemen eta orain botata, entzun ahala dastatu behar dira, ezin dira zirkunstantzia eta guzti erreproduzitu. Singulartasuna eta bat-batekotasuna; bi ezaugarrion konbinazioa izugarri ederra iruditzen zait.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos