http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Berdintasunezko harremanak sustatzeko sare sozial berria

Gazte batzuk, ordenagailu batekin. / Y. Arcurs

EquAPPeal 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sare sozial birtuala da estereotipo eta aurreiritzi sexistak hausteko helburua duena

ELCORREO.COM

EquAPPeal proiektua aurkeztu zuten astelehen honetan, Bilbon. Aplikazio hau 14 eta 29 urte bitarteko gazteei zuzendutako sare sozial birtuala da, eta maitasunezko eta berdintasunezko bikote harremanak sustatzeko helburua dauka, estereotipo eta aurreiritzi sexistak hautsiz.

Gazteria arloko gizarte berrikuntzarako proiektuen aldeko diru laguntzen programaren baitan egindako 2016ko deialdian hautatu da proiektua. Egitasmo hori Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen du.

Estereotipo eta aurreiritzi sexistez nekaturik dauden gazte eta nerabeei zuzendutako sare sozial gisa diseinatu da EquAPPeal. Sarearen izenak hitz joko bat egiten du 'sex-appeal' termino anglosaxoiarekin, «berdintasunezko erakargarritasunari» men eginez. Eremu birtual bat da, harremanak lantzeko eta maitasun eta bikote harremanei buruzko iritziak, esperientziak eta kezkak partekatzeko, horietaz ahalik eta gehien gozatzeko.

«Proiektu berritzailea da, arlo digitalean ezagutzen ditugun harreman edo erlazio sare sozialez bestaldekoa, eta, gainera, ikusi dugu guztiz identifikaturik dagoela Foru Aldundiak gazte jendearekin batera bultzatu nahi dituen balioekin», nabarmendu zuenez aurkezpenean Maitane Leizaola, Bizkaiko Foru Aldundiaren Gazte Behatokiaren zuzendariak.

%99k sare sozialen bat erabiltzen du

2017an egindako Euskadiko Gazteriaren Egoeraren Diagnostikoaren arabera, 15 eta 29 urte arteko gazteen %99k sare sozialen bat erabiltzen du, haietako %97,5ek egunero. «Beraz, gazteenganaino iritsi nahi badugu, ezinbestekoa da kanal horien bidez egitea», gaineratu du.

Halaber, Emakunderen datuen arabera, 2016an genero indarkeria jasan zuten emakumezkoen %34,4k 30 urte edo gutxiago zituzten eta biktimen %8 inguru adin txikikoak ziren, nerabeak, alegia. «Zenbakiek berez hitz egiten dute eta hezkuntzaren profesionalak berebiziko erronka baten aurrean jartzen dituzte, gazteei indarkeriarik gabeko berdintasunezko harremanak eratzen laguntzeko erronkaren aurrean, hain zuzen ere», azpimarratu du Sara Garcia Matiz elkarteko arduradunak.

Ildo horretan, Matiz elkartea gaur egun sendoen bultzatzen ari den lan ildoetariko bat da sexuen berdintasuna, bai eta gazteen eta nerabeen artean genero indarkeria prebenitzeko eginkizuna ere.

Testuinguru horretan, EquAPPeal aplikazioa sortu da, elkarreraginetarako hiru eremu edo sail nagusitan hedatzen dena: horma, foroa eta kontsultak. Horma testuak, bideoak, irudiak edo audio artxiboak askatasunez partekatzeko tokia da, eta bertan gazte jendeak bere adostasun edo desadostasuna azaldu ahalko du jorratzen diren gaiekin.

Edukiak salatzeko aukera dago

Foroan, gazteek beren esperientziak, zalantzak eta iritziak partekatzen dituzte gai garrantzitsuei buruz, sexu eta bikote harremanekin eta sare sozialen erabilerarekin erlazionatutako zenbait gaitatik abiatuz (hala nola bikotekideen jelosia, jazarpena edo kontrola). Une honetan gaikako 7 eztabaida daude zabalik.

«Garrantzi handikoa da azpimarratzea gazteek eurek kontrolatzen duten eremua dela, haiek baitira ideia bat galdetzen edo partekatzen dutenak eta, aldi berean, erantzuten edo erantzuna ematen ahalegintzen direnak. Eta, gainera, eduki bat salatzeko aukera dago, desegokitzat jotzen bada edo plataformako balioen kontrakoa bada», Matiz elkarteko Ainhoa Intxaustik zehaztu duenez.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos