http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Berdintasunerako Legea tresna juridiko «eraginkorra eta baliagarria» izan da

Gizon eta emakumea irudikatzen duen marrazkia.
Gizon eta emakumea irudikatzen duen marrazkia.

Ebaluazioaren emaitzen arabera, «ekarpen handia» egin dio emakume eta gizonen berdintasun egitura indartzeari

Emakume eta Gizonen Berdintasunerako Legea tresna juridiko «eraginkorra eta baliagarria» izan da legearen lehen urteetan lortutako aurrerapen asko finkatzen eta bermatzen lagundu duelako. Gainera, «tresna eraginkorra» izan da eta izaten jarrai dezake berdintasun politiken garapenean aurrera egiteko, bereziki baliabide ekonomiko eta pertsonalei dagokionez, bai eta sektore bakoitzaren alorrean zeharkakotasun estrategia areagotzeko.

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Berdintasunerako Legearen ebaluazioaren emaitzen aurkezpen ekitaldia egin zen asteazkenean Gasteizen, 'Berdintasunerako Legea: lorpenak eta erronkak' izenburupean, Emakundek antolatuta, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eman du irekiera hitzaldia. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariak ere parte hartu zuen.

Ebaluazioak erakutsi du legeak eragina izan duela hiritarren berdintasunaren inguruko sentsibilizazio eta kontzientziazioan, eta horrek ekarri duela «hiritarren eskaerak areagotzea eta exijentzia maila handiagoa izatea alor honetan».

Urkulluk gogoratu zuen Euskadi bosgarren tokian dagoela Europako Genero Berdintasunaren Indizean, Suedia, Finlandia, Danimarka eta Herbehereen atzetik. Hala ere, aurrerapausoak eman diren arren, eta arlo honetan euskal politikak beste instituzio batzuentzat «errerefente» badira ere, aitortu du Euskadi «erdibidean» dagoela oraindik «berdintasun erreala eta benetakoa lortzeari begira». Azaldu duenez, hurrengo erronka bosgarren postutik laugarren postura heltzea izango da, Gobernu Programan jasota dagoen moduan.

Horrela, ebaluazioaren emaitzen arabera, Berdintasunerako Legeak «ekarpen handia» egin dio berdintasun egitura indartzeari, alegia, berdintasunerako arkitektura delakoari, eta horri esker, krisi garaian ere, berdintasunari zuzendutako aurrekontua eta langileak murrizketa handirik gabe mantentzea bermatu da.

Legearen derrigortasuna ere azpimarratzen du ebaluazioak, derrigortasuna «funtsezkoa» izan baita administrazio publikoan berdintasun neurriak ezartzeko. Kontratazio publikoetan berdintasunaren ikuspegia txertatzea edo Jaurlaritzaren arauen genero eraginaren ebaluaketa horren adibide dira, eta nazioartean ere «eredu» bihurtu dituzte EAEko berdintasun politikak.

Honekin guztiarekin batera, ebaluazioak Berdintasunerako Legearen ahuluneak ere azpimarratu ditu. Alor pribatua da horietako bat, mugak baititu konpetentzia eta zigorren eremuetan alor honetan eragin handiagoa izateko.

Beste erronka bat da sexuen araberako rol eta estereotipoen desagerraraztean beharrezkoa den abiaduran aurrera egitea da. Ebaluazioaren arabera, gizarteak baditu «zenbait sinesmen eta balore oso sustraituak daudenak, eta legeak berak bakarrik aldatu ezin dituenak». «Balore aldaketak eta gizartearen eraldaketak legearen zereginetatik harago doaz, baina hala ere, legea izan daiteke aldaketa legitimatzen jarraitu dezakeen tresna», ebaluazioaren arabera.

Iritzi ezberdinak

Lau ebaluazio ezberdinek osatzen dute Legearen ebaluazioa: bi ebaluazio generikok (bat kualitatiboa, bestea kuantitatiboa), eta bi ebaluazio espezifikok. Demokrazia eta Hiritarren Parte hartzeko Euskadiko Liburu Zuriaren printzipioei jarraituz egin da ebaluaketa, hau da, hiritarren parte hartzean oinarritutako politikak eta hiritarren eta administrazioaren arteko kolaborazioa sustatuz.

Ebaluaketa hasi aurretik, Emakundek argi ikusi zuen beharrezkoa zela legearen inplementazioaren arduradun diren administrazioko eragileen iritzia eta balorazioa jasotzeaz gain, hainbat pertsona, talde eta entitate publiko eta pribatuena ere jasotzea, legearen garapena eta aplikazioari buruzko ekarpenak aberastuko zirelako horrela.

Helburu horrekin, lan ildo berezi bat ireki zuen EAEko emakumeen taldeekin eta talde feministekin, haien ikuspegi estrategiko baliagarria kontuan hartzeko. Horrela, ebaluaketa kuantitatiboaren prozesuak 96 pertsona eta 77 entitate ezberdinen iritziak jaso ditu. 150 ikuspuntu ezberdin baino gehiago. Lau ebaluaketak kontuan izanda, 400 pertsona baino gehiagok egin dute ekarpena.

Prozesu honetan, Jaurlaritzaren Herritarrak Hartzeko eta Administrazioa Berritzeko eta Hobetzeko Zuzendaritzaren, Innobasqueren, Emakunderen Aholku Batzordearen, Irekiaren eta Jaurlaritzako Prospekzio Soziologikoen Kabinetearen laguntza izan da.

Fotos

Vídeos