http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

BERBALDI BAT

Roberto Moso speech-a ematen./
Roberto Moso speech-a ematen.
Roberto Moso
ROBERTO MOSO

Pompas de Papel irratsaioko hogeita hamargarren urteurrena. Bilboko Kafe Antzokian, zuzeneko emanaldi berezia prest. «Ideia-jasa». Rober, prestatuko al duzu zerbait? Eta zer asmo duzue? Ba zuk beti egiten duzu sarrera, ondo legoke hasierako berbaldi labur bat egitea....

Berbaldi labur bat. Egia esan, ongi egindakoak maite ditut. Zuzenak, bihotz-bihotzetik emandakoak, gatzaz eta piperraz onduak. Baina ez da erraza. Enkargua jaso dudanetik bueltaka dabil afera nire buruan. Umoretsua izan behar, baina neurrian. Adimentsua, baina pedantekerian jausi barik. Ez luzeegia ez laburregia.

Horrelakoetan -noizean behin gertatzen zaidan zerbait da hau- urduritasuna dut etsairik gogorrena. Bai, badakit: «Nolatan urduri, horrenbeste rock emanalditan aritu ostean?». «Nolatan urduri irratian esatari lanbidea izanik?». «Nolatan urduri telebistarako ere lan mordoxka egin ostean?». Baina ez da gauza bera. Irratian ez duzu entzuleria ikusten eta musika emanaldietan denek dakite, gutxi-asko, nolakoa den zure eskaintza. Telebistan, normalean, grabaturik dira programak, beti daukazu behin eta berriz errepikatzeko aukera.

Burura datozkit «Zazpi ezkontza eta hileta-elizkizun bat» eta antzeko pelikuletan egiten diren hitzaldiak. Norbaitek 'din-din' egiten du edalontzian koilara batekin, eta zutik jarriz, bertan dauden belarri guztiak hitz aproposekin liluratzen ditu. Arte Eder bat da, dudarik ez. Herrialde anglosaxoietan askotan praktikatzen den artea. Horretan, inbidia diet.

Batzuetan zuzenean dastatzeko aukera ere izan dut. Orain urte pare bat Glasgowen bizi zen lagun baten hiletan horrelako 'speechak' entzun nituen. Haren lankideek eta zenbait ikaslek, negar egiteari nekez eutsiz, uneak eskatzen zituen hitzak ahoskatu zituzten. Ez gehiago, ez gutxiago. Txantxek ere izan zuten beren lekua, hildakoaren anekdota bitxiak gogoratzean. Txalo ugari eragin zuten. Inolako zerikusirik ez zuten, hemengo apaizek egiten dituzten sermoi luze eta aspergarriekin.

Eta gidoia badoa koxkortzen nire baitan. Kotxean nagoela, metroan noala, komunekoak egiten ari naizela, norbaiten elkarrizketaren haria galtzen dudala... «Agertu behar dira programaren protagonistak, orain dela hogeita hamar urteko gertakizunen bat, anekdotaren bat -pasatu barik-, esker onak, umore-zertzelada bat ondo legoke... kaka zaharra! , zeinek agindu ote dit marroi honetan sartzea!».

Programako lankideak eta publikoa ez ezik, gonbidatuen artean puntako idazleak ere izango dira: Bernardo Atxaga, Pedro Ugarte, Irati Jimenez, baita zenbait editore ere. Hitzaren magoak nire burutazioak entzuteko prest.

Antzokira heldu bezain laster asaldura nabaria da kamerinoetan. Horrek lasaitu egiten nau. Ez naiz bakarra. Felix Linares, Kike Martín eta antzerki-atalak egingo dituztenak ere euren ardurekin bueltaka dabiltza.

Teknikarien oharpenak arretaz entzuten ditugu aretoa betetzen den bitartean. Bakoitzak bere lekua hartzen du. Ekitaldia zehazki eratua izan da bi asteetan zehar. Ez dago inprobisaziorako tarterik.

Roberto, zure txanda, nahi duzunean...

Foku zenitala pizten da oholtzaren eskuin aldean dagoen mikrofono baten gainean eta hor bertan kokatu behar naiz ni.

Alea jacta est. Zer demontre gero! Ez dut huts egingo...

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos