http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Benito Lertxundik eta Gwennyn-ek abestuko dute Aitzina Folk jaialdiaren V. edizioan

Benito Lertxundik eta Gwennyn-ek abestuko dute Aitzina Folk jaialdiaren V. edizioan

Jaialdiak 'Emakumeak folkean' izeneko atala izango du, eta ostiralean, urriaren 27an, aperitiboa eskainiko dute Fantafolk sardiniarrek, Montehermoson

SERGIO EGUÍA

Folk musikak eta elkartasunak berriro eskua emango diote elkarri Aitzina Folk jaialdiaren V. edizioan; Gasteizko hainbat lekutan eskainiko dira kontzertuak, azaroaren 25etik abenduaren 29ra arte, eta besteak beste, Benito Lertxundik eta Gwennyn abeslari bretoiak joko dute.

Kultura, Hezkuntza eta Kirol zinegotzi Estíbaliz Cantok, jaialdiaren zuzendari eta Jon Euskadin ataxia telangiektasiak eragindako ume bakarraren aitak, eta Korrontziko trikitilari Agus Barandiaranek aurkeztu dute gaur programa.

Aurten bi berritasun prestatu dituzte: batetik, jaialdiak aperitibo berezia izango du, urriaren 27an Fantafolk italiarrek kontzertua emango baitute Montehermoson, 21:00ean. Sardiniako birtuosoek bertako bi musika tresna (launeddas eta organetto izenekoak) erabiltzen dituzte, uharteko musika tradizionala oinarritzat hartuz. Sarrera doakoa izango da, gonbit-txartelaz.

Bestetik, “Emakumeak folkean” atal berezia sortu da, ekitaldian emakumeen presentzia handitzeko asmoz, folkean emakume musikari, abeslari eta dantzariek izan duten zeregina azpimarratuz. Horren barruan, Gwennyn abeslari bretoiaren emanaldia, eta lantegiak (Vanesa Muela, Nuala Irish Dancers eta Kukai Dantza) aipatu behar dira.

Aitzina Folk jaialdiaren aurreko edizioetan jatorri ezberdinetako 40 talde eta artista baino gehiagok hartu dute parte, eta 17.000 ikusletik gora bildu dira; guztira ia 60.000 euro jaso dituzte ataxia telangiektasia (AT) endekapenezko gaitz genetiko arraroa ikertzeko, zeina Espainian 30 pertsona inguruk baitute, gehienak umeak.

Aitzina Lan Taldeak antolatzen du Aitzina Folk jaialdia; 2010ean sortu zuten taldea, gaixoei eta haien familiei tokiko ikuspuntu batetik laguntzeko asmoz. Nazioarte eta kulturaniztasun bokazioa duen jaialdiak bi helburu nagusi ditu: AT gaitza ikertzeko dirua biltzea eta gaixotasuna ezagutaraztea, eta folk musika eta munduko hainbat lekutako musika tradizionalaren aberastasuna eta askotarikotasuna zabaltzen jarraitzea.

Gure hiriko kultur ekitaldien egutegian sendotu den jaialditik musika tradizionaleko taldeak igaroko dira, bai eta beren konposizioen oinarritzat musika edo tresna tradizionalak erabiltzen dituzten eta beste estilo edo eragin batzuetara ireki diren taldeak ere.

Gainera, Aitzina Folk jaialdiak tokiko kultura eta kaleko musika giroa sustatzearen aldeko apustua egin du beti. Hori dela eta, azaroaren 25ean (larunbata) kalejirak antolatu dituzte oinezkoen erdigunea eta Erdi Aroko hirigunea girotzeko.

Ataxia telangiektasia (AT) gaixotasun genetiko neurodegeneratiboa da, sendaketarik ez duena eta bi urte bete aurretik agertu ohi dena. Hainbat organoren funtzioei eragiten die: mugimenduak koordinatzeko ezintasuna, mugikortasunaren galera progresiboa (9 urterako gurpil-aulkia behar izaten da), hitz egiteko zailtasunak, hazteari uztea, immunoeskasia, zahartze goiztiarra, jateko zailtasuna, arazoak azalean eta ikusmenean, pneumonia eta beste arazo batzuk (tumoreak agertzea, esaterako).

Gaixoak guztiz kontziente dira, ez baitie buru ahalmenei eragiten, eguneroko oinarrizko jarduerak beren kabuz egiterik ez badute ere. Ez dugu ahaztu behar pentsatu, sentitu eta maitatzeko zein zoriontsu izateko gaitasuna dutela. Espainian 30 pertsona inguruk jasaten dute, horien artean Euskadin eragindako bakarrak, Gasteizko Jonek.

Fotos

Vídeos