http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Benito Lertxundi, Iparraldeko ikastolen alde

Benito Lertxundi./LUSA
Benito Lertxundi. / LUSA

Kantautore oriotarrak egoitzenganako babesa eskainiko du datorren abenduaren 22an emango duen kontzertuaren bidez

IZASKUN MOYANO

Hego Euskal Herrian egun hainbat dira martxan dauden ikastolak. Iraganean oztopo askori aurre egin behar izan bazioten ere, euskal umeek badute hizkuntza zaharra erabili eta euskaraz ikasteko abagunea. Arbasoen borrokak eman ditu beraz, fruituak. Zoritxarrez, egoera oso bestelakoa da Ipar Euskal Herrian. Oraindik borroka luzea daukate aurretik Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherako haurrek ikastolara aise joateko helburua betetzeko.

Ordura arte hainbat izan dira Iparraldeko ikastolen alde burututako ekimenak. Nagusiena edota ezagunena Senperen urtero ospatzen den Herri Urrats da. Han biltzen den dirua bertako ikastolei bultzada emateko erabiltzen dute, materiala erosi eta zentro egokiak eraikitzeko. Baina ez da bakarra. Izan ere, oraingoan Benito Lertxundik ikastola hauen etorkizuna bermatzeko ekintza bat antolatu du. Ostiral honetan Errenterian arituko da zuzenean udalerriko Orereta ikastolak sustatutako 'Luzatu eskuhara' ekimenaren barruan.

Galtzaraborda kiroldegian gaueko 21.30tik aurrera eskainiko du oriotarrak emanaldia. Sarrerak 21 euroren truke eskuratu ahal izango dira. Irabaziak Biriatu, Hendaia, Urruña, eta Ziburuko ikastolak laguntzera bideratuko dira. Tamalez, euskarak ez du legezko izaterik Ipar Euskal Herriko hiru probintziotan, eta ondorioz Frantziako Estatuak ez ditu ikastolak bere hezkuntza sisteman homologatzen.

Jexux Leonet, Oarsoaldea Garapen Agentziako lehendakariak adierazi duenez, «Iparraldeko ikastolek arazo ekonomiko handiak dituzte, eta gure laguntza eskaini nahi diegu, beren ekintzen zabalkundean lagunduz. Haien proiektua eta gurea proiektu bera direlako, haiei lagunduta gure burua ere laguntzen dugulako, herri euskalduna eraikitzeko».

Ikastola horiei laguntza bi modutara eskaini diezaieke. Alde batetik, kontzerturako sarrera erosi eta Benito Lertxundiren musikaz gozatuta, eta bestetik, enpresa edo elkarte gisa ekimenaren laguntzaile agertuz. Bigarren era honetara, diru laguntza jakinaren truke sarrerak jasoko dute nahi denari oparitzeko. Babesle nagusiek 100 sarrera jasoko dituzte 3,000 euroko babesaren truke; babesle laguntzaileek, 50 sarrera, 2.000 euroren truke; babesleek, 30 sarrera, 1.000 euroren truke; laguntzaileek 8 sarrera, 200 euroren truke; eta animatzaileek 4 sarrera, 100 euroren truke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos