http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Beharraren beharraz

Beharraren beharraz
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Krisia ez da iragan urruneko amesgaiztoa, oraindik; hainbaten bizimoduak egunero urratzen dituen gaitz iraunkorra baizik. Kontsumoaren gizarteak badu halako agertoki dotore bat, erostera bultzatutako jendetza biltzen duena, baina badago guzti horren atzekoa ere, oinarrizkoenari ezin eutsita bizirauten dutenek osatutakoa. Ekonomiak hobera egin duen arren, lanean ibilita txiro izaten jarraitzen dutenak egon badira. Askotxo. Eta mugako guzti horien errealitatea inoizko gordinen azaleratzen da urtero Gabonetan.

Euskal gizarteak elkartasuna edukiz betetzeko hainbat tresna ditu, zorionez. Ahalegin kolektiboari esker joan dira indarrean jartzen, babes sozialeko sare sendoa bere ezaugarrietakoa izan dadin lortzeraino. Hemen ez da inor bazterrean uzten, ez da oihaneko legerik onartzen. Eredu ere bada bertokoa beste askorentzat, gizakiaren neurriko gizarteak nahi dituztenentzat.

Azken krisi ekonomikoa erabatekoa izan da, zeharo basatia. Oso luzaroan ezagutu gabeko zartadak ematerainokoa. Jende askoren itxaropenak hondatu ditu, belaunaldi berriek lor dezaketena euren gurasoek dutenaren azpitik jarrita. Oparotasunaren gutxieneko banaketa orokortzera begirako bidea ez da lineala, gorabeheraz betetakoa baizik, hainbat baldintzaren menpekoa. Besteak beste, maiz arduragabe gutxiesten diren faktore askoren araberakoa.

Bizkaiko Elikagaien Bankuak errealitatea bere horretan jarri digu aurrez aurre, beste behin. Eguberriotan lurraldeko 30.850 familiaren funtsezko sostengu izango da. Duela bi urte baino %4 gutxiago dira, baina asko oraindik. Eta horiei laguntza emateko bost mila bolondres ariko dira lanean abenduaren lehen bi egunetan. Iaz milioi bat kilo elikagai bildu zituzten, herritargoaren eskuzabaltasunaren seinale.

Heltzear dago, beraz, aurtengo ahalegina gauzatzeko momentua. Horren atzean dagoen guztiaz ohartzeko egunak ere badira, zerbitzu sozialek eta arlo horretan dihardutenek egunero ikusten dituztenak guztion begibistan jartzekoak. Egon badagoelako argien distiratik urrunekorik, hilabeteko egunetako askori aurre egiteko ez duenik, lur jota dabilenik. Eta erakundeek jartzen dituzten baliabide ugariez gain, norbanakoek ere badute aukera zer nolako gizartea nahi duten berriz erakusteko. Egun gutxi barru, dutenetik apurren bat emanda.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos