http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aho batez

Balio handikoa da Bilbon segurtasunaren inguruan lortutako aho batezko akordioa

Alderdi politiko guztiak ados jarri dira segurtasunaren inguruan./
Alderdi politiko guztiak ados jarri dira segurtasunaren inguruan.
JOSEBA ARRUTI

Ez da makala edozein gairen inguruan alderdi politiko guztiak ados jartzea. Jakina delako, ahal izanez gero, ez diotela albokoari fitxik ere ematen. Bakoitzak bereari erreparatzen diolako, amaigabeko lehia antzekoan bizi direlako. Areago herritarrentzat bereziki gertukoak diren gaiei dagokienean, boza ematerakoan zuzen eragin dezaketenetan. Horregatik da hain balio handikoa Bilbon segurtasunaren inguruan lortutako aho batezko akordioa, demagogiarako hain aproposa den gai horretan bat etorri izana.

Aburto alkatearen lehen mailako lorpena da honakoa, Udalaren buru den neurrian. Baina baita gorporazioa osatzen duten gainerako guztiena ere, kaleko lehentasunetako bati jarrera integratzailetik erantzuteko maila erakutsi dutelako. Bilbotarren oso mesederako izango da sinatutakoa, aho batezkoei dagokien indarra izango duelako, arrakalarik eta salbuespenik gabekoa. Eta hori zen jendeak eskatzen zuena, segurtasunaren inguruko adostasuna, horrek elikatutako ahalik eta eraginkortasun handiena ahalbidetzeko.

Dokumentu hori izango du oinarri 2023 urtera arteko Segurtasunari buruzko Plan Estrategikoak, hirian azken hilabeteotan jazo direnek irakatsitakoak aintzat hartuko dituenak. Bilbo hiri segurua delako, bai, baina elkarlan instituzional eta politikoak halako batean okerrera egin dezaketen hainbat egoera aurreikusi eta errotik berbidera ditzakeelako, neurri sozial eta polizialak uztartuta.

Alkateak berak esan bezala, Bilbon, eta edozein herritan, soberan daude gizabidezkoak ez diren jarrerak, jazarleenak, lapurrenak, gaizkile ororenak. Horiek ez dute lekurik, eta ezin zaie inpunitatez jarduteko aukera txikiena eman. Horregatik da hain garrantzitsua Udaletik bidaltzen zaien batasunezko mezua, hiri osoa aurrean dutela adierazten diena.

Bilbo ikur bihurtu da azken urteotan, luzaroko lan bikainaren ondoriozkoa. Aparteko bizitasuna du, ikusgarri dago, bete-betean eraldatu delako. Horrek guztiak segurtasunaren beharra du loratzen jarraitzeko, mundu guztiko bisitariak ekartzeaz gain bertokoentzat atsegin izateko. Askotariko tresnak abiarazita, sinergiak ahalbidetuta, herritarren kezkak berehala aintzat hartuta. Adostutako norabidean barrena azkeneraino abiatuta.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos