http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Basaurik badu bere lehenengo 'hozkailu solidarioa'

Hozkailua eta ekintzaren arduradunak./Basauriko Udala
Hozkailua eta ekintzaren arduradunak. / Basauriko Udala

Udalerriko Leon kalean edonork utzi dezake janaria, benetako beharrizana duen orok kontsumitu dezan

IZASKUN MOYANO

Erosten dugun janari asko jan gabe geratzen da eta denbora luzean gorde ostean alperrik galdu egiten da. Era berean, elikagaiak erosteko gai ez diren herritar ugari dago. Arazo bi hauek ekiditeko asmoz sortu zen duela urte batzuk 'hozkailu solidarioa'ren ekimena. Han edonork soberan duen janaria utz lezake eta beharra duen orok hartu.

Euskal Herriko udalerri batzuk aspaldi animatu ziren ekimenean parte hartzera, eta orain Basauriren txanda iritsi da. Leon kaleko 3. zenbakian kokatuko da, bertan edonork janaria utzi edota har dezan eguneko 24 orduetan zehar.

Asier Iragorri Basauriko Udaleko Gizarte-politikako zinegotziak; Álvaro Sáiz, Ainhoa Crespo eta Raúl Vallejo, 'hozkailu solidarioa' ekimeneko kideek; eta Itxaso Urionabarrenetxea Gurutze Gorriko Gizarte Esku-hartzeko eskualdeko arduradunak sustatu dute egitasmoa, Basauriko kasuan.

Pobreziarekin hautsi nahi dute, «bazterreko zerbait» egitea baino baztertzaileagorik ez dagoela uste baitute. «Benetan 'beharrik ez duen' norbaitek hozkailutik zerbait hartzen badu ere, hori ona da, esan nahi duelako agian kontzientziatua dagoela, elikagaiak xahutzeari dagokionez. Horrela, gainera, 'benetan beharra duena' ez da estigmatizatua sentituko hozkailua erabiltzeagatik», zehaztu dute.

'Hozkailu solidarioa'ren erabilerari dagokionez, produktu guztien prestatze data eta osagaiak izan behar dute, baita etxean egindakoek ere. Arrain zein itsaski gordinak ezin dira bertan utzi. Dena den, Bizkaiko Gurutze Gorriko boluntario talde bat arduratuko da hozkailua kudeatzeaz eta garbitzeaz: egunero-egunero egiaztatuko du bertako elikagaiak egoera onean daudela.

Temas

Basauri

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos