http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Barakaldo datorren ostiralean hasiko da Gabon jaiak ospatzen

Barakaldoko Herriko Plaza./Pedro Urresti
Barakaldoko Herriko Plaza. / Pedro Urresti

Aurtengo honetan udalerriko futbol taldeko jokalariak izango dira argiak piztuko dituztenak

IZASKUN MOYANO

Abenduaren 8a lehendabiziko Gabon Eguntzat hartzen badugu ere, Barakaldo, hilaren 1ean hasiko da jaiok ospatzen. Horretarako, dagoeneko kaleetan zehar jarrita dauden argiak piztu egingo dituzte. Urtero, udalerriko pertsonaia edo entitate garrantzitsuren bat izaten da ekintza burutzeko arduraduna. Oraingo honetan, futbol taldeko jokalarien txanda izango da. Ostiralean bertan antolatuko den emanaldian futbolariek sakatuko dute hiria magiaz argituko duen botoia, klubaren urteurrena ospatuz.

Emanaldia arratsaldeko 18.00tan hasiko da Herriko Plazan. Kontserbatorioko koro txikia eta Schola Cantorum abesbatza izango dira argiak pizteko unean kantuak abestuz ekitaldiari soinu-banda jarriko diotenak. Bitartean, Barakaldo Futbol Klubeko kategoria desberdinetako jokalariek sakatuko dute hirian Gabonetako jaiei hasiera emango dien botoia. Hiria argitu ondoren, txokolatez betetako 1.000 edalontzi bero eta bizkotxoak banatuko dira ekitaldira hurbilduko den herritar ororentzat.  

Iaztik, Udalak abenduko zubiaren bezperako egunetara aurreratu du argiak pizteko ekitaldia. Hau, Udalak, herriko ostalarien elkarteek egindako eskariaren erantzuna da, merkatariek Gabonetako kanpainan dirua ateratzeko aukera handia ikusten omen dutelako.

Aurten, Gabonetako argiak hiriko beste leku batzuetara ere zabaldu dira eta ohiko lekuetan bonbilla gehiago jarri dira.  Askatasunaren etorbidean esaterako, kaleko zuhaitz guztiak apainduta daude. Horrez gain, Gabonetako apainketa Landeta kaleko biribilgunean, BECen ondoan, edo La Florida eta Arrandi kaleen elkargunean ere ikus daiteke. Larreatik Barakaldora sartzeko bidean zorionak kartela jarri da, eta La Florida kaleko 11 zuhaitz eta Gurutzetako plazako pergolak ere apaindu dira.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos