http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Barakaldo, Alemanian eredu

Weibwasser eskualdeak hirien garapenari buruzko ideiak hartu ditu

ELCORREO.COM

Udalaren garapen-agentziak, Inguraldek, Alemaniako erakundeetako zenbait ordezkari jaso zituen aurreko astean eta Barakaldo negozio-erakargarrien eta -aukeren foku bihurtzeko udal-estrategiak ezagutarazi dizkie.

Alemaniako Weibwasser eskualdeko erakundeetako hamar ordezkari Barakaldon izan ziren ostiralean hiriaren garapen-eredua eta hiria negozio-erakargarrien eta -aukeren foku bihurtzeko Udala egiten ari den lana ezagutzeko asmoz.

Bilbao Metrópoli-30 elkarteak antolatu zuen bisitaldia Weibwasser-en iaz izandako hirien garapen berritzaileari buruzko jardunaldi batzuen ildotik, eta Barakaldoko alkateak, Amaia del Campok, egin zion harrera erakundeetako ordezkariz eta gizarte zibileko kidez osatutako delegazioari.

Ordezkarien bisita Udalaren garapen-agentzian hasi zen, eta, han, Inguraldek enplegua sustatzeko martxan dituen jarduera-lerro nagusiak, hiriko enpresa-sareei eskaintzen zaien laguntza-zerbitzua eta berrikuntza eta ekintzailetza bultzatzeko neurriak azaldu zizkieten udal-teknikariek kanpotarrei.

Era berean, Hirigintza Zinegotzitzako teknikari batek udalerriak azkenaldian izan dituen hirigintza-aldaketak azaldu zizkien, bai eta hiri adimentsu gisa garatzean Barakaldori sortzen ari zaizkion hazkuntzarako, truke ekonomikorako eta ezagutza-trukerako aukerak ere. Zentzu horretan, Inguraldeko presidenteak, Danel Solak, azpimarratu zuen Weibwasser eskualde alemaneko delegazioaren bisita honek «Barakaldoko eredua ezagutarazteko ez ezik, etorkizunean elkarlana ekar lezakeen ordezkariekiko hurreneko kontaktu gisa ere balio duela».

Inguralde ezagutzeaz gain, ordezkariak Urban zonaldean, hiriaren garapen-ardatz berrietako batean, izan ziren, bai eta BIC Bizkaia Ezkerraldea zentroan (Ezkerraldeko Enpresa Garapenerako Zentroa) ere; izan ere, zentro hori industria-azpiegitura zaharkitu bat Ezkerraldean eta Meatzaldean aberastasuna eta enplegua sortzeko enpresak sortu, dibertsifikatu eta finkatzeko laguntza-zentro moderno bihurtu izanaren adibidea da.

Fotos

Vídeos