http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Balea, belea

Harizpetik

Osteguneko hauteskundeen ostean izango da zer josi Katalunian, azken urteotako haustura anitzek zauri sakonak utzi baitituzte. Eta horrek bestelako hizkera eskatuko die arduradun politikoei, baliatzen ari direnetik oso urrunekoa

Balea, belea
Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

‘Balea esan, belea izan’, dio esaerak. Jatorriz gezurra zena aipa dezake, baina baita adierazi ostean irentsi eta aldatu behar izandakoa ere. Kataluniak bestelako aro bat hasiko du 21eko bozetatik aurrera, gutxieneko hainbat adostasun berregitekoa, tentsioa baretzekoa, aurkariarengana hurbiltzen saiatzekoa, adierazpenak goxotzekoa. Hemerotekak gordeko ditu orain arteko guztiak, behin baino gehiagotan aurrera begirakoei kontrajarriko zaizkienak. Arduradun politikoen ondare preziatuena sinesgarritasuna da, garaian garaikoei erantzuteko eboluzioarekin bateragarri bai badena, baina bat-bateko burutazio, inorenganako menpekotasun eta errotiko aldaketekin nekez babes daitekeena.

Oraindik horretaz bete-betean jabetzeko goiz den arren, ziurrenik Katalunian bestelakoak izango dira etorkizun hurbileko protagonistak. Ez eragileak, ondo zehaztu eta errotuta daudelako. Baina bai horien ildo politikoak, lehentasunak, buruzagiak eta egiteko moduak. Norbere azken helburuei uko egin gabe askotan, baina horiek luzaroan emango ez diren baldintza sozial jakinekin lotuta. Izan ere, indar beretsuko bi bloke agertzen dira aurrez aurre parte-hartze historikozkoak ematen duten bozotan, bertako gizartearen benetako erradiografia behingoan finkatzeko oso egoki izan daitezkeenotan.

Laster hasiko dira zuzenketak, hausnartzeko eta errealitatera egokitzeko ahalmena dutenen artean, behintzat. Gehiengo sozialak biltzeko bokazioz ari direnek osotasuneko ikuspegiak behar dituzte, kezka nagusiak antzeman eta horiei erantzun eraginkorrak emateko, zeharkako gutxieneko sentsibilitateari esker bestearen lekuan jartzen saiatzeko. Azken finean, euren gizartea ahalik eta osoen ordezkatzeko, dagokien ildo hori ñabardurez zipriztintzeko.

Alderdi Popularrak, esaterako, badu zer zuritu Estatut berriaren aurrean izan zuen jokabidearen inguruan. Muturreko irrazionaltasun politikotik ekin zion, Zapateroren aurka jotzeko edozerk balio zion sasoi batean. Interes propioak lehenetsi zituen bete-betean, kataluniar gehienen eta euren gobernuaren aurkako kanpaina zitala abiatu eta horiek jomugan jarrita. Orduko dinamika gaizto hark sekulako kaltea eragin zuen, gaurdainokoa, eta independentziaren aldeko mugimendua gizentzeko funtsezko katalizatzaile izan zen.

Gerora, egoera horren ondoriozko auzi politiko sakonari erantzuteko fiskaltza baliatu du, eta Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri. Geroko gerotan geratuta ez da inolako ekimen politikorik mahai gainera eraman, egoera usteltzen utzi eta egungora heldu arte. PPk bazeukan askoz arduratsuago jokatzerik, askoz proaktiboago ekiterik, kataluniar asko eta askoren gurariei beste modu batean erantzuterik. Horregatik, Rajoyk hain gogoko dituen ariketa tautologikoez gaindi, datorren egueneko emaitza txarren ostean izango du muineko zertaz hausnartu.

PSCk hobera egingo duela dirudien arren, aspaldi bateko bere lekua galdu du. Autonomiaren esku hartzearen aurrean agertutako jarrerak zeharo zailtzen ditu zeharkakotasunerako eta zubigintzarako bere gogoak. Etorkizunera begirako bere proiektuaren zirriborroak baino ez dira ezagutzen, eta hauek ere egun batetik bestera alda daitezke. Ez dago sakoneko apustu zehatzik, erabaki eskubidearen inguruko euren jarrera aldaketek adierazten duten lez. Sozialistek ezin deserosoago eta zatituago egin zioten aurre horri buruzko eztabaidari eta, ostean, ardatza independentzia bai ala ez izateak mesede egin die arnasa hartzeko. Azken urteotako parametroetatik kostako zaie garai bateko eragile nagusietakoa berriz izatea. Areago, katalanismo integratzailearen ikurretako gisa jardun nahi badute.

Independentziaren aldeko prozesuaren bultzatzaile nagusiak hasi dira zertan asmatu ez duten aitortzen. Aldebakarreko bideak ez du ohikoan inora eramaten, ustezko helmuga parean frustrazioa elikatzera ez bada. Sekulako babes soziala behar da hortik abiatzeko: munduari begira ezbaian jarri ezinezkoa; sektore politiko, ekonomiko eta sozialetan guztiz zeharkakoa dena. Eta ez dute hori lortu PDeCAT eta ERCko buruzagiek. Aurreko hauteskunde autonomikoek, kutsu plebiszitariokoek, nabarmen adierazi zuten hori. Indar batuketak Parlament-ean gehiengo osoa eman zien, CUP gehituta. Baina bozetan erditik behera jaso zuten, oso gutxigatik izan arren. Ezker muturreko alderdi horrek prozesua baldintzatzeko uneoro izan duen aukera, berriz, sekulako zama bihurtu da; eta, ziurrenik, ez du lagundu Errepublika berriaren asmoa gizarteratzen, ezinbesteko diren sektore berrietara zabaltzen.

Horregatik, negoziazioa bilatu beharko dute Esquerrak eta JxCat-ek eguenetik aurrera, lortzen duten indarraren araberakoa. Bai Kataluniako autogobernua berrezarri eta horretan ahalik eta gehien sakontzeko, bai preso edo ihesean dauden buruzagi politikoak askatzeko, bai bertako gizartean dagoen tentsioa baretzeko, bai egoera ekonomikoa berbideratzeko. Hauteskunde autonomikootan parte hartzeak berak adierazten du ez dutela Estatu izateko adinako indarrik, bestelako dinamiketatik heldu beharko diotela burujabetza osorainoko estrategiari. Lotune berriak bilatzeari ekinez etorriko dira bestelako agertoki politikoak, ‘dena ala ezer ez’ eta gisakoak baztertu eta gehiengo zabalen bidez sendotuko direnak. Erabaki eskubidearen defentsak, finantziazio berri batenak edo hizkuntza eta hezkuntzarenak, lotuta zein aleka, badute babes zabal hori, esaterako. Eta En Comú-Podem aliatu garrantzitsua izan daiteke horrelakoetan, erabakigarria. Azken berrogei urteotakoa galdu ez eta, areago,lortutakoan sakontzeko.

Hortik aurrera badira ezer eraikitzeko barik erresistentziarako sortutakoak, beste inoren aurka joatekoak. Hori da Ciutadans-en kasua. Muturretik ekitea errentagarri zaio nonbait, erreakzio modura jardutea. Katalunian oso aspaldi lortutako oinarrizko hainbat adostasunen aurkakoa da. Horregatik, Rivera eta Arrimadas-ena alderdi bozkatuena izatea porrot sinbolikoa litzateke prozesua bultzatu dutenentzat, eragindako kontrako olatuaren indarraren seinale, eta zaildu egingo luke gerora begirakoa. Espainiar homogeneizazioaren abangoardia dira laranjak, ukazioa goiburu Estatuaren lurralde egitura kolapsora eraman dezaketenak.

Hala, nahitaezkoa da bozen kontaketatik aurrera elkarrizketarako borondatea nagusitzea, aspaldi honetako hutsak aintzat hartu eta bestelako jokamoldeetatik ekitea. Bertako gizartearen gehiengo ahalik eta zabalenaren borondatea balantzaren orratz hartuta, Kataluniari zor zaion aitortza nazionala eman dakion, ahalik eta burujabetza mailarik handiena izan dezan. Churchillek esan zuen: “Nire hitzak jan behar izan ditut sarritan eta dieta orekatua zirela jabetu naiz”. Ondo gogoan izango dituzte hitz horiek Katalunian hurrengo hilabeteetan.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos