http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Bai/Ez

Katalunia linboan bezala dago aurreko asteartetik, alde bakarreko independentzia ustez aldarrikatu eta berehala bertan behera utzi ondoren. Egoera argitzeak zehaztuko ditu segidan datozenak, eta ondorio politikoak lehen mailakoak izango dira

Joseba Arruti
JOSEBA ARRUTI

Surrealismo puntu bat izan zuen Kataluniako Errepublikaren abiapuntu behar zuen ekitaldiak. Ordubeteko atzerapenak urduri jarri zituen bai Parlament-ean zeuden ehunka kazetariak zein kanpoaldeko milaka lagunak. Zerbait historikoa jazoko zelakoan zeuden guztiak, baina alperrik. Carles Puigdemont Generalitateko buruak arratsaldeko zazpietan hartu zuen hitza eta uste baino luzexeago aritu zen. Independentziara begirako prozesu jada aspaldikoaren indarguneak nabarmentzeko eta mugarri nagusiak gogoratzeko, batik bat. Urriaren leheneko galdeketaren emaitzak aintzat hartu eta horien arabera jarduteko asmoa ere iragarri zuen. Eta aldarrikapena bazetorrela zirudienean, halako jauzi dialektiko bitxi batek baiezkoa eta ezezkoa uztartu zituen. Jatorrizko bide orriari leial izango zitzaiola azpimarratu zuen buruzagi kataluniarrak, baina aldeen arteko elkarrizketari bide eman eta azken urratsik oraingoz egin barik.

Irtenbide azkarra zirudien Puigdemont-ena, nahiz eta CUPekoen mesfidantza areagotu eta independentziaren aldeko kaleko jaian parte hartu guran zeuden herritarrak zur eta lur utzi. Egiaren ordua luzapenarena baino ez zen izan. Sekulako presioak jasandakoa zen president-a aurreko egunetan, orduetan eta minutuetan. Bitartekaritza ere aipatuta, Europako Batasuneko hainbat buruk elkarrizketa baliatzeko deia egin zioten. Eta Kataluniako agintari gorenak ez zuen horren aurrean gorrarena egin nahi izan, inork dogmatismorik lepora ez ziezaion. Independentziaren aldeko blokean erabaki horrek izan zitzakeen ondorio sakonak ondo aztertu eta gero, azken aukera bat eman zion negoziazioari, nazioartera begirako pilota Mariano Rajoyren teilatuan kokatuta.

Hau, baina, goi mailako aditua da honelakoetan, denbora galtze, luzapen eta antzekoetan. Egoera argitzeko eskatu zion hurrengo egunean Puigdemont-i, zeharka izan arren independentzia aldarrikatu ote duen erantzun zezan. Baiezkoa jasotzekotan Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarriko zuela erantsi zuen. Honela dio zehatz dagoeneko ezin aipatuagoa den horrek : «Erkidego autonomoren batek Konstituzioak edo beste legeren batek ezarritakoak beteko ez balitu, edo Espainiaren interes orokorra modu larrian erasotuta ekingo balio, Gobernuak, aldez aurretik Erkidego Autonomoko presidentea ohartarazita, eta honek muzin eginez gero, Senatuaren gehiengo osoaren babesarekin, egiteko horiek derrigorrez betearazteko edo aipatutako interes orokorraren babeserako beharrezko neurriak abiarazi ahal izango ditu». Funtsean, bide horretatik joz, Kataluniaren autogobernua bertan behera geldituko litzateke, esku hartze oso edo zatikako baten eskutik. PSOEk eta Ciudadanos-ek babesa eman diote aukera horri, bakoitzak bere ñabardurekin. Zuhurrago lehenek eta gogotsuago Riverarenek. Baina batzuk zein besteak argi eta garbi Rajoyren atzean lerrotuta.

Bitartean, Kataluniako Govern-a bi aldetara begira dago, Madrildik etor dakiokeena ondo neurtzen saiatzeaz gain. Batetik, independentziaren aldeko blokearen batasuna bermatu gura du, honako geraldiak azken helburu estrategikoa arriskutan jartzen ez duela nabarmenduta. Eta bigarrenik, aurrean duenaren beste behineko elkarrizketarako asmo eza agerian utzi nahi du Europaren eta nazioartearen aurrean, horrek prozesuari zilegitasun erantsia eskainiko diolakoan. Horri guztiari eutsita, dena den, nekez saihestuko du Espainiako Gobernuaren hordagoa, areago sakoneko erabakia hartuta eta aipatutako hiru eragileen artean adostuta dagoenean. Haatik, Estatuaren esku hartze horrek ez luke benetako arazoa ez bideratuko ez konponduko, bizitu besterik ez.

Iruzurtzat jo dute Espainiako zenbat buruzagi politikok eta hedabidek Puigdemont-en azken eskaintza, berba egiteari ekitekoa. Legearen eta legez kanpo dabiltzanen artean negoziazioa posible ez dela eta antzekoak errepikatu dituzte behin eta berriz. Baina auzia hori baino sakonagoa eta zabalagoa da. Kataluniako gizartearen zati handi batek, erdiak-edo gutxienez, Estatuarekin hautsi du dagoeneko. Haustura politikoa eta afektiboa da honakoa, atzeraezinezkoa ziurrenik. Eta beste sektore batek, independentzia lehentasuntzat izan ez arren, erabaki eskubidea aldarrikatzen du. Baita aukera horren inguruan bozkatzekoa ere. Eta errealitate horri goi mailako elkarrizketa baten bidez baino ezin zaio heldu, auziaren larritasunaren diagnostiko egokia egin osteko benetako negoziazio politiko batetik.

Estatuaren esku hartzeak ez du Kataluniako gehiengoaren inolako sostengurik izango, eta hori ez da edozelango gabezia. Goizago ala beranduago hauteskundeak egin beharko dira bertan eta, independentziaren aldekoak berriz nagusituz gero, hortik aurrerako elkarrizketari begirako abiapuntua gaur egungoa baino are okerragoa izango da, jarrerak gehiago muturtuko direlako.

Hauxe da, bada, behingoan hitz egiteko momentua. Lehenago izan diren guztiak ez baliatzeak arazoa potolotu baizik ez du egin, ia zubi guztiak hautsita. Eta, Kataluniako autonomia bertan behera utzi eta oraingo aukera hau alperrik galtzeak dena larritu baizik ez du egingo. Duen autogobernua ez da inoren oparia, bertako gizartean ezin sustraituago dagoen aldarri baten isla baizik. Hortik abiatuta, kataluniarrek demokratikoki aukeratutako ordezkariekin negoziatu beharra dago, egungo egoerari irtenbide politikoak bilatzeko. Ez dago saihesbiderik. Ez dago errealitateari lepoa ematerik.

Konstituzioaren erreforma iragarri berri eta zehazgabea berandu dator, bazegoelako gaur egungoa aldez oso aurretik somatzerik. Eta erdibideko hainbat formulatarako ere ez da sasoia, agian. Espainiako Gobernuaren eta PPren sekulako hainbat hankasartzek gizendu dute independentziaren aldekoen kopurua Katalunian, eta autonomiaren esku hartzea horietako larriena litzateke. Ez dago iraganera bueltatzerik. Egungo osagaiekin negoziatu behar da, horiek atsegin ez arren. 155. artikulua indarrean jarriz gero, oraingo egoerak aukeraz betetakoa emango du aste edo hilabete batzuk barru. Kataluniarren zati handi batek errepublika independente bat osatu nahi du. Eta horiek zein beste asko euren etorkizuna mugarik gabe erabakitzearen aldekoak dira. Hortik abiatuta hitz egin behar da, hori delako errealitatea. Bestelakoak jauzi itsuak dira. Ezin baldarragoak. Aspaldikoon segidakoak.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos