http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Asperduraren alde

Hamaika aldiz esan dut, norbait hezi behar izan dudan bakoitzean, aspertzea gauza ona dela. «Aspertzen naiz» entzun, eta nik «gustura aspertuko nintzateke ordu betez» erantzun

Arantxa Urretabizkaia
ARANTXA URRETABIZKAIA

Hamaika aldiz esan dut, norbait hezi behar izan dudan bakoitzean, aspertzea gauza ona dela. «Aspertzen naiz» entzun, eta nik «gustura aspertuko nintzateke ordu betez» erantzun. Agian hor dago jendea bitan banatzen dituen muga, batzuek ezertarako denborarik ez, beste batzuk denbora nola bete ezin asmaturik.

Bat-batean, heziketa garaiak bukatu zaizkidanean, bazter guztietan ikusten dut aditu gisa aurkeztutako norbaitek asperduraren onuraz mintzatzen zaigula, hain zuzen, guztiok asperduraren beldurrez jardun zoro askotan murgiltzen garen honetan. Asperdura onuragarria, aberasgarria izan omen daiteke.

Haurrek asperdurari dioten beldurra, berezkoa da edo guk helduok eragindakoa? Haurrek helduongandik ikasten dutela jakinda, ez da izango ez gaituztela sekula ezer egin gabe ikusten, gure buruarekin lasai eta, beraz, zer egin ez dakitenean oker ote dauden pentsatzen dutela?

Nekez ikusiko duzu garraio publikoan, sendagilearen itxarongelan edo kutxako ilaran, besterik gabe zain dagoen norbait, bere barruan dagoen zerbaiti bueltak emanez edo hutsune gozoan. Ez, gehienak mugikorra eskuan izango dute, auskalo ze mezu bidaliz edo berriketan, ganorarik gabeko elkarrizketetan jardunean.

Edozer nork bere buruarekin jardun aurretik. Horregatik da hain negozio oparoa asperdura saihestea, horregatik asmatzen dira hainbeste trikimailu entretenigarri. Guztiok entretenituak egon gaitezen, goizetik gauera, geure barruan legokeen mamuekin aurrez aurre topo egin ez dezagun.

Mamu horiek, ordea, agian ez digute kalterik egiten edo agian ez dago mamurik gure baitan. Baina hori jakin ahal izateko isiltasun minimo bat behar dugu, gure baitara begiratzeko astia izan behar dugu. Hori da asperdura. Zer egingo dut orain, ordulariaren orratza aurrera bultzatzeko, denboraren abiada bizkor dadin.

Eta zu, irakurle, lerro hauek irakurtzen ari zaren bitartean aspertzen bazara? Ba ote dago bestearen asperdura eragitea baino bekatu larriagorik?

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos