http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Artestura feministen lehiaketa abian da

Lanak aurkezteko epea irailaren 29an bukatuko da

S. CANTERA

Emakumeen Etxeen Sareak artestura feministen lehiaketa prestatzen ari da. Bere helburu nagusia sormen eta produkzio artistiko feminista bultzatzea da, ikusgarri egitea eta aintzat hartzea haien lanak. Gainera, bidalitako obrek erakusketa bat osatuko dute. Erakusketa ibiltaria izango da, beraz, Sareko Emakumeen Etxe guztietatik pasatu egingo da nahi duten guztiek ikus dezaten.

Nork parte hartu dezake? Euskadin bizi diren 18 urtetik gorako emakume guztiek aurkeztu ditzakete haien lanak. Izan ere, antolatzaileek adierazi dutenez, emakumeei zuzendutako lehiaketa da «estrategikotzat jotzen baita emakumeek egindako sormen eta produkzio artistikoa sustatzea». Banaka edo taldean aurkeztu ahal izango dira lanak eta partaide bakoitzak lan bakarra aurkezteko aukera izango du.

Lehiaketan aurkeztuko diren lanak jatorrizkoak izan beharko dute eta ezingo dira beste lan batzuen kopia izan, ez osorik ez zati batean. Gainera, lanek ezin izango dute sinadurarik agerian eraman. Gaia aukeratzeko orduan, kontuan hartu behar da proposamenek lehiaketaren helburuari erantzun behar diotela, eta bereziki, emakume etxeen filosofia eta baloreak islatu behar dituztela.

Lanak Emakumeen Etxeen Sareko edozein herritako udal erregistroan aurkeztu ahal izango dira. Jendaurreko ordutegian eman behar dira Basauri, Durango, Ermua, Ondarroa, Eibar, Donostia, Azpeitia edo Arrasaten.

Sariei dagokionez, guztira 16 emango dira. 400 euroko 8 sari emango dira eta beste 8 aipamen berezi emango dira, kasu honetan, 200 eurokoak. Udalerri bakoitzak sari eta aipamen berezi bana kudeatuko du. Aipamen bereziei dagokionez, sareko udalerrien batean erroldatuta egotea lehenetsiko da. Hori bai, epaimahaiak huts deklaratu dezake lehiaketa, edota sariren bat eman barik utzi.

Fotos

Vídeos