http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arrigorriagan hiru egunetan euskaraz bizitzeko konpromisoa hartuko dute

Datorren asteburuan euskararen eguna ospatuko denaren harira, ekimena antolatu da udalerrian

IZASKUN MOYANO

Batzuetan konturatu gabe ere egiten dugun arren, asko dira euskara alde batera utzi eta gaztelaniaz komunikatzeko ohitura hartu dugun egoerak: ogira erosterakoan, helbideren bat galdetzerakoan edota kafe bat eskatzerakoan askotan erdara erabiltzen dugu. Arrigorriagan erabaki honen aurka ekimena prestatu dute. Datorren asteburuan euskararen eguna ospatuko dela aprobetxatuz hiru egunez gure hizkuntzan komunikatzeko konpromisoa hartuko dute.

Udalak euskaltzale eta elkarteekin bat egin du ekimen honetan. Asmoa, herritarrak aktibatzea da, bai eta talde batean euskaraz ez dakien bat dagoen bakoitzean gaztelaniara jotzeko ohitura aldatzea ere. Beraz, oraingo honetan euskara ulertu baina normalean mintzatzera animatzen ez direnak ere izango dira helburua, entzun eta pixka bat erabili nahi duten horiek.

Parte hartu nahi duen orok euskaraz hitz egin beharko du hiru egunez, figura jakin biren bitartez, Belarriprest eta Ahobizi. Horiek izena eman beharko dute lehendabizi eta txapa batekin identifikatuta egongo dira. Horrela, aurrez aurre dagoenak ondo jakingo du bakoitzak zein paper bete behar duen. Horrez gain, gutxiago dakitenek ere euskaraz hitz egiteko edota euskara eta gaztelania tartekatzeko konpromisoa hartuko dute, norberaren arabera, baina beste hizlariari euskaraz hitz egiteko aukera bermatuz.

Dena den, abenduaren 3an, Euskararen Egunean bertan, Mintzodromoa antolatu dute, hizkuntza kalera atera eta ahalik eta gehien ikusarazteko. Parte-hartzaileak mahai batzuen inguruan elkartuko dira egun horretan bertan zehaztuko diren hiru gairi buruz hitz egiteko. Ondoren, mahai batetik bestera mugituko dira, giro apartan. Bertan Anjel Alkain aktorea izango da gidari lanetan, eta ondoren bakarrizketa dibertigarriekin gozaraziko ditu herritarrak. Halaber, musika, ekimen honetarako abesti eta dantza ikasteko aukera izango da, ekimena hobeto ulertzeko.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos