http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arrigorriagan 2017ko urtea islatuko duen ikus-entzunezko proiektua garatuko dute

Honetarako ezinbestekoa omen da herritarrek udalerrian bizitako une politak erakusten dituzten irudiak bidaltzea

IZASKUN MOYANO

Sare sozialen erabilerak bideo eta argazkien bat bateko partekatzea sustatu du herritarren artean. Bertara, momentu politak islatzen duten argazkiak igo eta gainontzeko erabiltzaileek gustuko dituzten ala ez adierazi dezakete. Medio sozial hauek bizipenak lau haizetara zabaltzeko ezinbesteko tresna bihurtu dira eta egunean zehar askotan erabiltzen dira.

Arrakasta hori aprobetxatuz Arrigorriagako Udalak herritarrekin batera ikus-entzunezko proiektu bat abian jartzera erabaki du. Honetarako, ezinbestekoa da herritarren laguntza. Izan ere, hauek, 2017. urte honetan beraien udalerrian bizitako une politak islatzen dituzten argazkiak bidali beharko dituzte Arrigorriagako webgunera. Honela, irudi guztien artean ikus-entzunezko lan ederra egiteko abagunea izango dute.

Proiektuak koadrilen, familien eta abarren irudiekin kontakizun bat sortzean datza. Labur esanda, jai-giroan egindako argazkiak behar dira, Arrigorriagako herritarrak nola bizi diren, nola dibertitzen diren eta nola parte hartzen duten islatzen dutenak. Madalenetan, Kanporamartxo egunean, Inauterietan, kirol-txapelketetan, Clown jaialdian nahiz Euskararen egunean, etab… egindako barreak eta bertakoa izateaz harro daudela erakusten dituzten irudiak, besteak beste.

Proiektuan parte hartu nahi dutenek gehienez ere hiru argazki bidal ditzakete helbide elektroniko honetara: komunikazioa@arrigorriaga.eus. Mezuaren gaian bidaltzailearen izena idaztea beharrezkoa da, proiektuan argi antzeman dadin nori dagokion argazki bakoitza. Gogoratu, momentu politok islatzen dituzten irudiak jasotzeko epea azaroaren 19an amaituko dela.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos