http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arrigorriaga, herriko negozio txikien alde

Aurten ere, Arrigobono-en ekimena antolatu dute herritarrek erosketak tokiko dendetan gauzatu ditzaten

IZASKUN MOYANO

Gero eta gehiago dira herriko negozio txikiei lekua kentzen dien merkatal zentru handiak. Betiko denden xarmak biziraun dezan Arrigorriagak ekimen bat antolatu zuen iaz; Arrigobonoak banatu ziren herritarren artean, hauek herriko dendetan gastatu zitzaten. Izandako arrakastari so eginez, aurten ere gauza bera egitea erabaki dute.

Arrigorriagako Udalak ADECKA udalerriko merkatarien elkartearekin elkarlanean igande honetatik datorren abenduaren 5era bitartean martxan egongo den kanpaina antolatu dute. Honetarako, 25.000 euro bideratu dira, eta hauetatik 23.500 bonuen bidez banatuko dira.

Hona hemen funtzionamendua: 30 euroko balioa duten 2.350 bonu jarriko dira herritarren esku. Hauek, prezio horretatik 20 euro baino ez dituzte ordaindu beharko, eta horrela 10 euro aurreztuko dituzte. Behin bakarrik erabili ahal izango da bonu bakoitza kanpainari atxikitako dendetan, eta denda horiek erraz identifikatu ahal izango dira, Arrigobonoaren marka erraz ikusi daitekeen leku batean jarrita izango dutelako.

Ekimenean parte hartu nahi duen denda oro udalerrikoa izan behar da nahi ta nahiez. Horrez gain, 10 langile izan beharko dituzte gehienez. Oraindik apuntatzeko zerrenda irekita dago, izan ere, kanpainan zehar sartzeko asmoa badu negozio txikiren batek ere, egiteko abagunea izango du inolako arazorik gabe, beti ere baldintzak betetzen baldin baditu.

Bonuak ezin daitezke diruaren truke aldatu. Gainera, ezingo dira bonu bat baino gehiago metatu, eta bonuak erabilita egin daitekeen gutxieneko erosketa 30 eurokoa izango da. Beraz, erosketaren zenbatekoa hori baino txikiagoa baldin bada, ez da eskudirurik itzuliko. Ekimenaz gozatzeko epea eta kanpainaren iraupena bera da, hau da, abenduaren 5era arte erabili ahal izango dira bonuak.

Bonuak Herritarren Arretarako Zerbitzuan izango dira eskuragarri. Eskudirutan zein kreditu txartelarekin eros daitezke. Aurten bi bonu baino ezin izango dira hartu NAN bakoitzarekin, eta NAN originala aurkeztu beharko da, bai eta 16 urte eduki erosketa egiten den unean ere.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos