http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arriaga Antzokiak «hondatzera doan munduan dantza egiteko» gonbidapena luzatu du

Arriaga Antzokiak «hondatzera doan munduan dantza egiteko» gonbidapena luzatu du
Sammi Landweer

Lia Rodriguez dantzari brasildarrak eta bere konpainiak ikuskizun erritmikoa eskainiko dute abenduaren 4 eta 5ean

IZASKUN MOYANO

«Zoriontasuna ez da ekaitza pasatu arte itxaroten egotea, euritan dantza egiten jakitea, baizik». Hori esaten du aspaldiko esaera batek eta badirudi Lia Rodriguez dantzariak ondo baino hobeto aplikatzen duela bere eguneroko bizitzan. Brasildarra bere konpainiarekin batera Arriaga Antzokian izango da datorren abenduaren 4 eta 5ean. Guztiek erritmoz betetako ikuskizun dantzagarria eskainiko dute.

Nazioartean txalo zaparrada ugari jaso ditu bere lana den Para que o céu não caia-k. Formatu txikiko proposamen eszeniko honetan publikoa artistengandik oso hurbil eseriko da, ikuskizuna nolabait barrutik sentitzeko. Datorren astelehenean arratsaldeko 20.00tan izango da ikusgai eta asteartean emanaldi bikoitza eskainiko dute; bat arratsaldeko 18.00tan eta bestea gaueko 21.00tan.

Lan berri honekin batera Lia Rodriguezek badu ikusleei mezu berezi bat bidaltzeko xedea. «Une oro dantzatu beharra dago. Izan ere dantzan ari gara etengabe hondatzera doan mundu honetan. Euri ala ateri, eskaintza eta ofrenda bezala, amets egiteko nahiz toki ilunak bisitatzeko, indar edo ahulezia seinale… une oro gorputza mugitzen ari gara».

Davi Kopenawak, Yanomamitarren txamanak, Lia Rodriguesentzat oinarrizko iturri izan den hurrengo esana bota zuen: «Zeru bakarra dago, eta zaindu beharra daukagu, zeren gaixotzen bada gauza guztien azkena izango da». Hala bada, zer egin dezake gutako bakoitzak zeruari eusteko? Ezin dugu astirik galdu munduak lurra jo aurretik, egunero ikusten ditugu inguruan zernahi ezbehar eta sarraski, eta hortaz dantzan ibili behar dugu makina, auto, helikoptero eta sirenen doinura.

Ikuskizuneko sarrerak 20 eta 25 euroan daude salgai, eta dagoeneko Arriaga Antzokiko webgunean edota txarteldegian bertan daude eskuragarri.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos