http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arreta soziala hobetuko da Barakaldon Gurutze Gorriarekin sinatutako akordioari esker

GKEri 20 urterako utziko zaio 400 metro karratu inguruko lokal bat

ELCORREO.COM

Barakaldoko Udalak akordio bat sinatu du Gurutze Gorriarekin, Karranzairu kaleko lokalak erabil ditzaten. Hain zuzen, Gurutze Gorriaren egoitza lokal horietan egon zen 2000. urtera bitartean. Goitik beherako erreformak egin behar dira, eta GKEk bere gain hartuko du lan hori. Gurutze Gorria Barakaldora itzuliko denez, adineko pertsonentzako, bazterkeria sozialean dauden familia edo pertsonentzako, langabeentzako, etxerik ez duten pertsonentzako eta abarrentzako programak indartuko direla adierazi du Udalak.

Gurutze Gorriak egoitza izango du berriro Barakaldon. Gobernu-taldeak eta Gurutze Gorria hirugarren sektoreko erakundeak akordio bat itxi dute 2000ra arte GKEren egoitza izandako lokalak berreskuratzeko, Karranzairu kaleko 6. zenbakian. Beraz, elkarlan horri esker, 17 urteren ondoren, Barakaldoko arreta sozialerako zerbitzuak ugarituko dira, kontuan izanik Gurutze Gorriak esperientzia eta ibilbide aitortua duela estatu-mailan.

Akordioaren arabera, 20 urterako utziko zaie Karranzairuko lokala (400 metro karratu inguru ditu), Bizkaiko Gurutze Gorriaren Esku-hartze Sozialerako Plana martxan jar dezaten. Plan horri jarraituz, ikuspegi integral batetik helduko zaie bazterkeria sozialaren alderdi guztiei, egoera ahuletan dauden pertsona-taldeei erantzunak emateko, hala nola adineko pertsonei, bazterkeria sozialean daudenei, immigrante eta errefuxiatuei, langabeei, etxerik ez dutenei, desgaitasunen bat dutenei, eta problematika sozialak dituzten haur, familia eta emakumeei.

Manuel Calvo Bizkaiko Gurutze Gorriaren koordinatzaileak azaldu duenez, «lokal hau lagatzea abiapuntu bat da ekimenak ikuspuntu integral batetik garatzeko, egoera ahuletan dauden barakaldarrei lagunduko baitiegu». Barakaldoko alkatea den Amaia Del Campok, berriz, zera adierazi du: «Gurutze Gorria Barakaldora itzuliko denez, pertsonen kolektibo horiek esku-hartze sozialerako edo boluntariotzarako programa berriak izango dituzte, eta laguntza handia izango da Udalean egiten den lanarentzat».

Lokala erreformatuko da

Karranzairuko lokalaren zati bat udal-biltegi gisa eta Barakaldoko Elkarte Filatelikoaren egoitza gisa erabiltzen da gaur egun. Alkateak nabarmendu duenez, «Elkarte Filatelikoari beste alternatiba bat eskaini diogu, eta Gaztela-Mantxa kalera joango dira». Izan ere, Gurutze Gorriak erabiliko duen lokala oso egoera txarrean dago, eta erreforma sakona behar du.

Gurutze Gorriak bere gain hartuko ditu erreforma-lanak eta lanen kostua. Alkateak honela amaitu du agerraldia: «Dudarik gabe, ziur nago gure hiriak oso begi onez ikusiko duela Gurutze Gorriaren egoitzetako bat Barakaldon kokatzea, batez ere egoera konplexuetan dauden pertsonek eta haien alde lan egiten duten kolektiboek».

Fotos

Vídeos