http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arraza autoktonoetako 60 abereren erretratuak biltzen dituen José Barea argazkilariaren erakusketa bat hartuko du Atariak

SERGIO EGUÍA

Urriaren 15era bitartean, José Barea argazkilariaren ‘Bestiarium – Biodiversidad rural’ erakusketa hartuko du Salburuko hezeguneak interpretatzeko Ataria zentroak. XXI. mendeko bestiario moduko bat irudikatzen du erakusketak, eta “landa-bizitzan murgiltzen gaitu, bertako abereen begiradaren bitartez”, José Barea egileak azaldu duenez. Gaur goizean egin da ekimenaren aurkezpena, Gasteizko Udalean, eta bertan izan dira, egilearekin batera, Iñaki Prusilla, Ingurumeneko zinegotzi eta IGIko lehendakaria, eta Gorka Belamendia, Atariko koordinatzailea.

Guztira, Estatuko hainbat arraza autoktonotako abereen 60 erretratu bildu ditu egileak instalazioan. “Abereak ohiz kanpoko ikuspegi batetik ikusteko aukera bikaina ematen dituen erretratu-galeria batek osatzen du instalazioa. Gainera, zabalkunderako oso egokia da erakusketa gure ustez, eta, beraz, erraztasunak emango ditugu hiriko eskola eta institutuetako ikasleek ikustera joaterik izan dezaten”, adierazi du Iñaki Prusilla IGIko lehendakariak.

Hainbat urte eman ditu José Barea egileak argazki-proiektua gauzatzen. Hartara, abereen erretratuen galeria oso bat bildu du azkenerako. Helburu du “abere horiek ezagutzera ematea; izan ere, galtzeko arriskuan baitaude asko, eta kasu askotan direnik ere ez baitugu jakiten”. Gasteiz, landa- eta nekazaritza-izaera oso nabarmena duen udalerria, ezin egokiagoa iruditu zaio egileari bere obra erakusteko. Eta argazkien artean, gainera, bada euskal espeziei erreferentzia egiten dienik ere, hala nola euskal oiloa, euskal txerria edo pottoka, besteak beste.

Espainian 200 abere-arraza inguru dago, eta, mendeetan, balio neurtezineko ondare genetikoa osatuz joan dira. Gaur egun, arraza horietako asko desagertzeko arrisku garbian daude, haien bizileku diren eskualdeetako ekosistemak eta bizimodu tradizionalak bezala. Orain, Erdi Aroko bestiario zahar baten antzera, gure aurrean paratu ditu irudiak Bestiarium erakusketak, aparteko ondare hori agerian jartzeko. Lehen plano bitxien multzo batek soil erakusten dizkigu abereak, habitat naturaletik bereiz, landa- eta hiri-munduen arteko urruntasunaz hausnartzera gonbidatzen duen lan horretako protagonista bakar gisa. “Haien begirada gurearekin gurutzatzen da, eta ezerk ez du eragozten haiengana hurbilduko gaituzten keinu eta aldarteei erreparatzeko ezinbestekoa den komunikazio-une hori. Behatzea eta ezagutzea gero babesteko, horixe da ‘Bestiarium’ erakusketaren helburua. Argazkietako ale guztiak albaitari adituen laguntzarekin hautatu dira, eta arraza bakoitzeko abeltzain-elkarteekin batera; horietako asko erakusketaren antolatzailea den Espainiako Arraza Autoktonoen Federazioaren —FEDERAPES— barruan daude sartuta”, azaldu dute Ataritik.

Estatuko lurralde osoaren hamarren bat baino ez da hirigune. Gainerako % 90 nagusiki landa-lurra da, nahiz eta bertan biztanleriaren % 20 bakarrik bizi den, neurri handi batean nekazaritza-lanak eginez. Landako pertsonak dira lurrarekin aspalditik harremanetan bizi direnak, mendez mende kultura tradizionala gorde dutenak, eta, zenbaitetan, urruti gertatzen da hori guztia hirietan bizi direnentzat. Zerura begira bizitzen ohituta dauden gizon eta emakumeak dira, inguratzen dituen eremu zabalaren parte sentitzen direnak, baso, mendi eta haranen artean, non, kontrakoa pentsa baliteke ere, ez baitaude bakarrik. Beren bizimodua ez dago ulertzerik animalia horiek gabe, eskualdeko abere eta ganadurik gabe, paisaien iraunkortasuna ahalbidetzen baitute inondik ere. Idiak, ahuntzak, txerriak, oilar eta oiloak, ardiak, zaldiak, behiak…, guztiek osatzen dute balio ikaragarriko ondare genetikoa. Arraza autoktono asko galtzeko arriskuan daude; % 80 baino gehiago daude desagertzeko arriskuan.

Haustura teknologikoa handitu ahala, milaka baliabide ari dira galtzen bidean, milako historia txiki, bizitza ulertzeko bestelako moduak. Maiz esan ohi denez, ezagutzen dena bakarrik baloratzen da, eta horri gehitu beharko litzaioke baloratzen dena bakarrik babesten dela. Inguratzen gaituzten beste mundu horiek agerian jarri eta gizartearentzat ikusgai bihurtzeko sortua da José Barea argazkilariaren ‘Bestiarium’ erakusketa; izan ere, irudi ikusgarrien bitartez, arraza autoktonoak ongien ordezkatzen dituzten animalien begirada konplizea erakustea bilatu baitu. 164 dira arraza horiek, Nekazaritza Ministerioak egindako azken katalogo ofizialaren arabera, eta 200etik gora, berriz, Espainiako txakur- eta uso-arrazak gehituz gero.

2009an hasi zen gauzatzen ‘Bestiarium’ erakusketa. Geroztik, milaka kilometro egin ditu egileak, eta hainbat ukuilu, korta, larre eta eliza-ataritan egin ditu argazkiak. Lekura, eremu fisikora moldatzeak hainbat eszenario desberdin sortzea eskatu dio, aldiko bat, beti ere ahalik eta erretraturik onena lostzeko helburuarekin. Argazki-saioetan begirune handiz jokatu da abereekin, eta hala izan da proiektuak iraun duen denbora guztian. Beharbada, erretratatuen ezaugarri fisikoak izango dira ikusleen arreta deituko duten lehenak: begiak, ilajearen kolorea edo lumena. Baina, hobeto begiratuz gero, jarrerak eta aldarteak ere ikus litezke, gizakienetatik gertukotzat irudika litezkeenak.

Fotos

Vídeos