http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Araneko silo aparkaleku berria egokitzeko obrak egingo dituen enpresa hautatu da

Ekipamendu berriak 155 aparkaleku eskainiko dizkie inguruko auzokoei, horietako sei egokituak

SERGIO EGUÍA

Araneko silo aparkaleku berria egokitzeko obren kontratazio-prozeduraren barruan, eskaintza ekonomikoki onuragarrien gisa Eraikuntza Birgaikuntza Artapena SL enpresak egindakoa hautatzea onetsi du gaur udal gobernuak, 366.402,94 euroan, BEZa barne, eta obrak gauzatzeko 18 hilabeteko epearekin.

Horren bidez, hartutako konpromisoetako bat beteko du udal gobernuak, zehazki, Ignacio Aldecoa ikastetxeko kirol eremua baliatuz silo aparkalekua jartzeko konpromisoa, udal-jabetzako ikastetxe hori ez baita erabiltzen.

Auzoetako azaleko zein lurpeko aparkalekuen eskaintza eta eskaera aztertu ondoren sortu da proiektua, eta Gasteizko Udalaren Mugikortasun Planaren irizpideak kontuan hartuz. “Aldezten dugun mugikortasun iraunkorreko ereduaren barruan garraio publikoaren eta bizikletaren aldeko apustu argia egiten dugu, baina hiriko alderdi batzuetan duten aparkaleku-beharrari ere erantzun nahi diogu. Horrekin lotuta bi modutan jardun nahi dugu: espazioak berrerabiliz, Aranan bezala, eta Udalaren lurpeko aparkalekuen eraginkortasuna hobetuz”, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Gaur egun, eraikinik ez duen lursailak azaleko aparkaleku publikoaren erabilera du, estalita dauden espazioak eta eraikinera sartzeko pasabide arkupedunak barne, eta ingurua oso hondatuta dago.

Lanen bidez, bi solairuko aparkalekua jarriko da. Beheko solairuan, orain nahierara okupatutako espazioa berrantolatu egingo da, eta 103 aparkaleku (horietako 3 egokituak) jarriko dira. Lehen solairuan, 4 bizikleta-aparkatzeko bikoitz instalatuko dira, eta 52 aparkaleku (3 egokitu).

Aparkaleku berriaren alboak txapa zulatuz estaliko dira, autobus-geltokiko bizikleta-aparkalekuan bezala.

Beste lan hauek ere egingo dira: eraistea; eragindako zerbitzuak berriro jartzea; inguruko urbanizazioa sendotzea; ur-ebakuazio, elektrizitate eta argiztapen instalazioak; seinaleztapena; margotzea, eta espazio berria osatzeko behar diren gainerakoak.

Fotos

Vídeos