http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabako Ogasunaren zergabilketak 2.303 milioi euro bildu eta zifra historikoak lortu ditu

2017ko dirubilketaren itxieran, aurreko urtean baino % 13 gehiago bildu da, 2016an aurreikusitakoa baino 8 puntu gorago, eta iragan urrian aurreikusitakoa ere gainditu da

I.AGOTE

Arabako Foru Ogasunaren dirubilketak zifra historikoak lortu ditu 2017an: 2.303 milioi euro bildu dira, aurreko urtean baino % 13 (265,3 milioi) gehiago. Beraz, bete eta gainditu ere egin da 2016ko urrian aurreikusitakoa, 2.129 milioi euro inguru bilduko zirela kalkulatu baitzen. Gainditu egin dira, halaber, urriko azken aurreikuspenak, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urteko azken bileran egindakoak —kalkulatutakoa baino 1,33 puntu gorago—.

“Zifra bikainak ditugu aurrean”, adierazi du Ramiro González Arabako diputatu nagusiak prentsaurrekoan, eta, gogorarazi duenez, “Dirubilketa historikoa da, gainditu egin baitira 2007ko zifrak ere, krisialdiaren aurrekoak; izan ere, orduan, itundutako zergen bidez, 2.205 milioi euro bildu ziren”.

Bi arrazoik eragin dute Arabako Foru Ogasunak halako zifrak lortzea: batetik, ekonomia itunaren batzorde mistoan Estatuarekin lortutako akordioek; eta, bestetik, Arabako Lurralde Historikoko ekonomiaren suspertzeak. Hain zuzen, kupoari loturiko akordioei esker, atzean utzi dira hamar urte iraun duten desadostasunak, eta azken dirubilketara 98,7 milioi euroko ekarpena egin da. Gonzalezek jakinarazi duenez, “Halako zifrarik ez da lortuko datozen ekitaldietan, Estatuarekiko desadostasunak konpondu ondoren egindako eguneratze puntualaren ondorio izan delako”.

Dena den, ekonomiaren suspertzea ere badago 2017ko dirubilketaren hazkunde nabarmenaren atzean. Izan ere, Estatuarekin egindako BEZaren doiketen eraginak bereiz utzita, 2017ko dirubilketak aurrekourtekoa gainditu du, 112,2 milioi euro gehiago bildu baitira; hots, “2016an baino gehiago bilduko genukeen, zehazki % 6 gehiago”, nabarmendu du diputatu nagusiak.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos