http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabako Ogasunak 2.303 milioi euro bildu ditu 2017an

«Zifra historikoak» lortu ditu: aurreko urtean baino %13 gehiago

ELCORREO.COM

«Zifra historikoak» lortu ditu 2017an Arabako Foru Ogasunaren diru bilketak. Zehazki, 2.303 milioi euro bildu dira, aurreko urtean baino %13 gehiago (265,3 milioi gehiago). Beraz, bete eta gainditu egin da 2016ko urrian aurreikusitakoa, 2.129 milioi euro inguru bilduko zirela zenbatetsi baitzen. Halaber, Herri Dirubideen Euskal Kontseiluaren urteko azken bileran egindako aurreikuspenak gainditu dira ere bai.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak astearte honetan prentsaurrekoan nabarmendu duenez, «zifra bikainak ditugu aurrean». «Diru bilketa historikoa da, gainditu egin baitira 2007ko zifrak ere, krisialdiaren aurrekoak; izan ere, orduan, itundutako zergen bidez, 2.205 milioi euro bildu ziren», azaldu du.

Foru erakundearen arabera, bi arrazoik eragin dute halako zifrak lortzea: batetik, Ekonomia Itunaren batzorde mistoan Estatuarekin lortutako akordioek, eta, bestetik, Arabako ekonomiaren suspertzeak. Hain zuzen, Kupoari loturiko akordioei esker, «atzean utzi dira hamar urte iraun duten desadostasunak», eta azken diru bilketara 98,7 milioi euroko ekarpena egin da.

Gonzalezek jakinarazi duenez, «halako zifrarik ez da lortuko datozen ekitaldietan, Estatuarekiko desadostasunak konpondu ondoren egindako eguneratze puntualaren ondorio izan delako».

Dena den, ekonomiaren suspertzea ere agertzen da 2017ko diru bilketaren hazkunde nabarmenaren atzean. Izan ere, Estatuarekin egindako BEZaren doiketen eraginak alde batera utzita, diru bilketak 2016koa gainditu du, 112,2 milioi euro gehiago bildu baitira, hots, «2016an baino gehiago bilduko genukeen, zehazki %6 gehiago», nabarmendu du diputatu nagusiak.

Hazkunde «homogeneoa»

Ildo horretan, Gonzalezek azpimarratu du hazkundea «homogeneoa» dela zerga guztietan, hau da, zuzenetan zein zeharkakoetan. Horren harira, nabarmendu du pisu handiagoa izan duela Sozietateen gaineko Zergak, guztizkoaren %9,3 hartu baitu dagoeneko; 2016an, aldiz, %8,2 hartu zuen. Zehazki, Arabak 146,6 milioi euro bildu ditu zerga horren bidez; kontuan hartuta 2016an 122,9 milioi euro bildu zituela, orduan baino %19,2gehiago jaso du.

PFEZak ere goranzko bilakaera izan du, %7,3ko hazkundeari eutsi baitio (54,5 milioi gehiago). Goranzko datu horiek zerikusia dute Errenta kanpainan emaitza hobeak lortu izanarekin eta enpleguaren hazkundearekin. Hain zuzen, laneko atxikipenen bidez 767 milioi euro joan dira Arabako Aldundiaren diru kutxetara; aurreko urtean, aldiz, 731,7 milioi euro izan ziren.

Gauza bera gertatu da autonomo eta profesionalen ordainketa zatikatuekin, ia %8 hazi baitira. «Pertsona Fisikoen Errentaren gainekoZergan ere serie historikoko zifrarik altuenak lortu ditugu lan merkatuaren bilakaerari esker, bai langile kopuruan bai soldatetan», gaineratu du.

Zeharkako zergak

Bestalde, zeharkako zergapetzeari esker 30,4 milioi euro gehiago bildu dira (%3,4 gehiago). Zehazki, Arabako Foru Ogasunak 618,8 milioi euro bildu ditu BEZarekin, eta horietatik 482,3 milioi kudeaketa propioari dagozkio (%2,8 gehiago).

Zenbateko horiek ere duela hamarkada bateko datuak baino hobeak dira. Izan ere, 2007an, Araban BEZak goia jo zuen eta 618 milioi euro bildu ziren, eta hortik aurrera beheraka hasi zen pixkanaka, krisi ekonomikoaren ondorioz. Zifrarik baxuena 2009an izan zen, 466,6 milioi euro bilduta.

«Kontsumoak gora egin izanari eta ekonomia hobetu izanari esker, duela hamar urteko zifrak gainditu ahal izan ditugu, BEZari dagozkionak ere bai», azaldu du Arabako ahaldun nagusiak.

Orobat, deigarria da 2017an etorri izana BEZaren doiketarik gutxien Bizkaitik; zerga hori dela-eta diru gehiago bildu izanari esker gertatu da hori, horrek ahalbidetu baitu Araban dauden enpresa esportatzaileen eragin negatiboari eustea.

Azkenik, Hidrokarburoen gaineko Zergarekin 209,7 milioi euro bildu dira, alegia, 2016an baino 11,6 milioi euro gehiago (%6,7 gehiago), eta duela hamar urte baino ia 29 milioi euro gehiago.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos