http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabako foru suhiltzaileek eta Gasteizko suhiltzaileek indarrak batu dituzte

Aldundiak eta udalak hitzarmena izenpetu dute, zeinari esker lurraldean suteen prebentzio eta itzaltze zerbitzu azkarra, kalitatezkoa eta segurua eskainiko baita aurrerantzean ere

I.AGOTE

Arabako foru suhiltzaileek eta Gasteizko suhiltzaileek elkar harturik lan egingo dute aurrerantzean ere, suteak prebenitzeko eta itzaltzeko lan garrantzitsuan. Pilar García de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren Saileko diputatuak eta Carlos Zapatero Gasteizko Udaleko Herritarren Segurtasunaren Saileko zinegotziak hitzarmena izenpetu dute gaur, zeinaren bidez beste urtebetez luzatu baita bi erakundeen arteko lankidetza, 1977. urtean hasi eta gaur egun oraindik indarrean dirauena.

Orduz geroztik hainbat hitzarmen egin dira Arabako Lurralde Historikoan Gasteizko Udaleko Prebentzio, Salbamendu eta Su Itzaltze Zerbitzuak (PSISZ) zerbitzua nola eman arautzeko, zenbait kontraprestazio ekonomikoren truke. Nolanahi ere, iaz Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoa sortu izanaren ondorioz, lankidetza hitzarmenak egokitu egin behar dira zerbitzua emateko egitura berrira, batez ere su itzaltze eta salbamenduko eskualde unitate (SISEU) guztiak 24 orduko zerbitzu integrala eskaintzen hasi bitartean.

Beraz, Gasteizko PSISZk izango du ardura Gorbeialdean eta erdialdean sortzen den edozein gertakaritara lehenengo irteera egiteko, eta gauez Agurainen eta Arabako Mendialdean ere eskaini beharko du zerbitzu hori. Gainera, Iruña Okako parke zentrala eraiki bitartean, Arabako hiriburuko suhiltzaileek bigarren irteera egin beharko dute lurraldeko edozein tokitan egiten diren deietara, baldin laguntza handiagoa behar bada.

Foru suhiltzaileei dagokienez, Gasteizko PSISZren eskura jarriko dituzte lurraldean sortzen diren larrialdietan arreta emateko behar diren baliabideak, eta kontraprestazio ekonomikoa ere ordainduko dute, 750.000 eurokoa.

Fotos

Vídeos