http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabako 12 familia behar dira berehala babesgabe dauden 15 adingabe hartzeko

SERGIO EGUÍA

Arabako Foru Aldundiak "deialdi argia" egin die lurraldeo familiei, babesgabe dauden haur eta nerabeei harrera eskaini diezaieten. Zehazki, 12 familia behar dira berehala, une honetan foru sareko egoitza eta zentroetan dauden 15 adingabe har ditzaten.

"Gure asmoa da arabar familia gehiagok parte hartzea haur hauek hazten, zer edo zerengatik une batean beren jatorrizko familian bizitzen jarraitu ezin dezaketenak", adierazi du Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak.

Olabarrietak dei egin du Arabako Foru Aldundiarekin elkarlanean jardutera, harrera familia bihurtu nahi duten pertsonak bilatzeko, "batez ere txikienentzat".

Agerraldian Sara Ortiz ere izan da, harrera eman duen familia bateko ama. Ortizek bere esperientzia azaldu du eta beste pertsona batzuk animatu ditu urrats hori egitera. Blanca Corral Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Adingabe eta Familia Arloko zuzendariorde teknikoa ere ekitaldian izan da.

Horrela, Olabarrietak adierazi du haur txikienak hartzeko familiak behar direla, batez ere 3 urtetik beherako haurrak hartzeko, hau da, "premiazko harrera" deritzona eskaintzeko. Halaber, haurrak iraunkortasunez eta mugarik gabe hartzeko familiak ere behar dira, bai eta aldi baterako harrera egiteko familiak ere, gehienez ere bi urterako.

Gainera, familia harrera espezializaturako familiak ere behar dira, arreta berezia behar duten adingabeak direlako, bai eta anai-arrebak hartzeko prest egongo diren beste familia batzuk ere. Zehazki, Araban mota horretako bi multzo daude, urtebete baino gehiago daramatenak zain familia batek har ditzan. Guztira, 15 dira epe motzean harrera egingo dien familia baten "maitasuna, berotasuna, hurbiltasuna eta babesa" behar dutenak.

Olabarrietak azaldu du une honetan tutoretzapeko 120 adingabeinguru daudela arabar familietan. Hala ere, adierazi du oraindik 200 bat direla harrera egoitza eta zentroetan bizi direnak, eta horiek guztiek jaso ahal izango luketela familia harreraren onura.

Era guztietako familiek har ditzakete haurrak: familiek, bikoteek eta bakarrik dauden pertsonek, seme-alabadun nahiz seme-alaba gabeek. Interesa duten pertsonek familia harrerari laguntzeko programara jo dezakete, 945 77 30 52 telefonora deituz edo acogimiento@araba.eus posta elektronikora idatziz. Halaber, Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Adingabea eta Familia Arloko arduradun eta teknikoengana ere jo dezakete.

Familia harrera eskaintzeko interesa duten pertsonek, lehenik, aldez aurreko prestakuntza bat jaso behar dute, jakiteko zer den familia harrera, zer zailtasun dituen eta zer beharrizan eragiten dituen. Bigarrenik, beharrezkoa izango da balorazio prozesu bat igarotzea, dena delako familia hori familia harrera guztien beharrizanei erantzuteko gauza ote den egiaztatzeko. Prozesu horretan guztian, harrera baino lehenago eta harreran zehar, Familia Harrerako Programako teknikarien aholkua, jarraibideak eta laguntasuna izango dute familiek, baita Arabako Aldundiarenak ere.

Fotos

Vídeos