http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabak eta Gasteizek bat egiten dute garapen jasangarrirako 2030 Agenda berriarekin

Arabak eta Gasteizek bat egiten dute garapen jasangarrirako 2030 Agenda berriarekin

Irailaren 25etik urriaren 7ra bitartean informazio erakusketa bat egongo da Andra Maria Zuriaren plazan eta Probintzia plazan, 2030 Agendari eta garapen jasangarrirako helburuei (GJH) buruz

2. urteurrena da Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrak 2015eko irailaren 25ean 2030 Agenda onartu zuela. Hori dela-eta, Arabako diputatu nagusiak, Arabako Foru Aldundiaren izenean, eta Gasteizko alkateak harekin duten konpromisoa eta atxikimendua aurkeztu dute gaur goizean Andra Mari Zuriaren plazan izandako ekitaldi instituzional batean.

2030 Agenda berria, garapen jasangarrirako 17 helburuen (GJH) gainean antolatua eta 2016ko urtarrilaren 1etik indarrean dagoena, ezinbesteko tresna bihurtu da planeta osoa garapen inklusibo eta jasangarriaren eredu batera igarotzeko; izan ere, nazioarteko erkidego osoak partekatutako ibilbide orria da, denok batera bide berri bati ekiteko.

Arabako diputatu nagusiak nazioarteko garrantzia duen eta aurrekaririk ez duten mugarritzat jo du 2030 Agenda. Halaber, adierazi du Goru Gobernuak “nazioarteko ibilbide horri aktiboki erantzun nahi diola, horren ardura, uste osoa eta konpromisoa duelako”. Gure ongizatea hobetu, aurreratu, lehiakorrak izan, aurera egin eta hazi nahi dugu. Eta horixe ari gara egiten. Baina ez edonola, baizik eta koherentziaz eta era orekatuan, eta inor atzean utzi gabe.”

Horrez gain adierazi du “Araba lurralde konprometitua, arduratsua eta solidarioa dela, giza garapen eta garapen jasangarriaren ereduaren alde egiten duena. Horixe da gure eredua: ekonomia, gizarte eta ingurumen garapenaren arteko oreka.

Bestalde, Gasteizko alkateak udalak giza garapen jasangarriarekin duen konpromisoa adierazi du, eta arlo zehatz batzuk aipatu ditu, hala nola, berdintasuna edo bizitza duin bat izateko baliabideak eskuratzea, horiek baitira udalak egingo duen ekarpenaren gaiak gaurtik aurrera Andra Maria Zuriaren plazan ikus daitekeen erakustaldian.

“Gasteizek duen konpromiso nagusia da gure planetan leku jasangarriagoa egitea, jasangarritasunaren hiru dimentsioetatik: ingurumena, gizartea eta ekonomia. Gure politikek berdegune handien alde egiten dute, mugikortasun aktibo eta osasungarriaren alde, eta enpresa eta kolektiboekin lan egitearen alde, baina baita ere honakoetan aurrera egitearen alde: pobreziaren aurkako borrokan, biztaleriaren zahartzeari arreta eskaintzean edo aniztasuna kudeatzean, bizikidetza baketsua bermatzeko. Hiriok, natura baliabideen kontsumitzaile eta CO2 igorle nagusi garen aldetik, arazoaren funtsezko alderdi bat gara, baina baita arazoaren konponbidearena ere. Eta Gasteizek irtenbideak ematen lagundu nahi du” adierazi du alkateak.

Ekitaldian Unesco Etxeak hartu du parte, NBEk onartutako euskal erakundeak, zeinak lagundu egin baitzuen 2030 Agendaren eta GJHen gizarte eraikuntzan, eta eraikitze horretan erakundeek izandako lana eta konpromisoa nabarmendu du, eta, aldi berean, horrela jarraitzera animatu.

Informazio erakusketa ibiltaria

Ekitaldian “17 helburu Arabarako eta mundurako” informazio erakusketa ibiltaria aurkeztu du. Erakusketa horretan grafikoki biltzen dira Agenda berriaren osagai garrantzitsuenak, horiek praktikan jartzeko konpromisoak eta gure lurraldean izango duen eragina eta ahalmena. Informazio erakusketa Andra Maria Zuriaren plazan izango da irailaren 25etik 30era bitartean, eta Probintzia plazan, urriaren 1etik 7ra bitartean.

Ondoren, lurralde historikoan zehar ibiliko da erakusketa. Horrela, udalerriei eta kontzejuei aukera eskainiko zaie grafikoki eransteko 2030 Agendarekin lotuta dituzten konpromisoak, erronkak edo proiektuak.

Arabako Foru Aldundiak, Arabako lurraldearen garapenaren ardura duen administrazioa den aldetik eta Nazio Batuen deia jasoz, iaztik, 2016tik, dabil ibilbide orri hori zehazten, Agenda hori Arabako lurraldean aplikatzeko. Horretarako, gure inguruan baldintza eta ezaugarrietara egokitu du, eta herritarren beharretara hurbildu.

2030 Agenda Berria eta garapen jasangarrirako xedeak

Desberdintasunaren aurkako borroka, hezkuntzaren eta osasunaren sustapena, genero berdintasuna, energia berriztagarrien aldeko apustua, lan duina, ekoizpeneko eta kontsumoko jarraibide edo eredu jasangarriak, bakea eta batasun sendoak eratzea dira agenda berrian jasotzen diren 17 helburuetako batzuk. Agenda hori nazioartean partekatutako egitekoen akordio bat da, eta Arabako Foru Aldundiak konpromiso sendoa du lurraldean orohar eta herrietan, zehazki, aplikatzeko. Arabarrek helburu eta egiteko horiek lehen eskutik ezagutzeko aukera izango dute erakusketaren bidez.

Azken batean, Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak, 17 helburuak eta nazioartean adostutako 169 jomugak barne hartzen dituenak, garapen jasangarriaren ikuspuntu handinahia aurkezten du, eta ekonomia, gizarte eta ingurumen alderdiak txertatzen ditu.

Adostutako jomugen artean, garapenerako oso gai garrantzitsuak jorratzen dira, hala nola, desberdintasuna murriztea arlo guztietan –biztanle pobreenen %40ren diru sarrerak handituz-, hazkuntza ekonomiko bat lan duin batekin eta ekonomia ekoizpenaren maila gorenak lortuz –dibertsifikazioaren, teknologiaren modernizazioaren eta berrikuntzaren bidez-, edo emakumeen parte hartze osoa eta eraginkorra babestea, eta lidergorako aukera berdintasuna bizitza politikoan, ekonomikoan eta publikoan erabakiak hartzeko maila guztietan.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos