http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Arabak diruz lagunduko ditu garapenerako hamar lankidetza proiektu Ameriketan eta Afrikan

Urte anitzeko ekintzak dira, eragin handiagoa eta luzeagoa izango duten ekimenak errazteko

I.AGOTE

Foru Gobernu Kontseiluak, gaurko bileran, onartu du diruz laguntzea garapenerako hamar lankidetza proiektu, garatzen ari diren Afrikako eta Ameriketako hainbat herritan gauzatzekoak, guztira 1,3 milioi euro emanez.

Deialdi horren berritasunik handiena da urte anitzeko proiektuak laguntzen direla diruz, eta horrek eragin handiagoa eta luzeagoa izango duten proiektuak egitea ahalbidetuko die GGKEei, ekimen horiek garatzeko denbora gehiago izango baitute. Proiektu horiek, hain zuzen ere, 2017an, 2018an eta 2019an egingo dira.

Deialdi honetan onartutako dirulaguntzek hainbat proiekturi ekarriko diete onura, Kolonbian, Perun, Nikaraguan, Guatemalan, Hondurasen, El Salvadorren, Boli Kostan eta Burundin. Gehienek emakumeen ahalduntzea dute helburu, besteak beste, parte hartzea izan dezatela herrialde horietako zenbait erkidegotako erabaki politikoetan, bai eta giza eskubideak sustatzea eta genero indarkeriari aurrea hartzea ere.

Proiektu horien elkarte kudeatzaileak hauek dira: Asociación Colombia-Euskadi Elkartea, Mugarik Gabe, Medicus Mundi Álava, Ingeniería para la Cooperación-Lankidetzarako Ingenieritza (ICLI), Nazioarteko Elkartasuna-Solidaridad Internacional, Unicef Comité País Vasco-Álava / UNICEF Euskadiko-Arabako Batzordea, Setem Hego Haizea, Serso San Viator de Euskal Herria / Euskal Herriko SERSO San Viator, Bakerako Lankidetza Batzarra /Asamblea de Cooperación por la Paz, eta Músicos Solidarios sin Fronteras / Mugarik Gabeko Musikari Solidarioak.

Deialdi honetan, diruz lagungarri diren proiektutzat jo dira garapen bidean dauden herrialdeetan zona edo kolektibo behartsuenen beharrak betetzeko direnak.

Talde eta eskualde horiek dira Ekonomiako Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko (ELGE) Garapenerako Laguntza Batzordearen laguntza jasotzaileen zerrendan daudenak.

Deialdi hau dela eta, Berdintasun, Lankidetza eta Kulturartekotasun Zerbitzuak hauek jo ditu, zehatz-mehatz, diruz laguntzeko moduko proiektu: txirotasuna desagerrarazteko, planeta babesteko etapertsona guztien goraldia ziurtatzeko Nazio Batuen Erakundeak onartutako garapen jasangarrirako helburuetakoren bat lortzen laguntzen duten ekintzak, bai eta ere emakumeen egoera hobetzea eta emakumeei beren eskubide ekonomikoak, sozialak, kulturalak, zibilak, politikoak, sexualak eta ugalkorrak areagotzen laguntzen diotenak.

Diruz lagundutako proiektu guztiek dirua jasotzen duen herrialdean lan egiten duen erakunde edo entitateren baten parte hartzea eskatzen dute.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos