http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Antzezten nagoenean hodei gainean bezala sentitzen naiz»

Sagardoy, 'Handia' pelikularen eszena batean./
Sagardoy, 'Handia' pelikularen eszena batean.

'Handia' pelikulak lortutako arrakastaren errudun bat da Eneko Sagardoy aktorea, egun ‘Obabakoak’ obrarekin aretoak betetzen ditu Bartzelonan

IZASKUN MOYANO

Egun eguzkitsua Bartzelonan. Eraikin garai bateko zabaltzan dago Eneko Sagardoy, Obabakoak antzezlanean parte hartzen duten gainontzeko aktoreekin. Egunotan Kataluniako hiriburuan daude Calixto Bieitok zuzentzen duen obra aurkezten. «Euskal Herrian baino harrera handiagoa izaten ari gara», onartu du irribarretsu.

Eta ez da gutxiagorako ere, 23 urterekin goia jo baitu. Handia pelikula Donostiako Zinemaldian estreinatu zen arren, egun ikusgai dago aretoetan. Euskal Herriko txoko txikienetako zineak jendez bete dira Altzoko Erraldoiaren istorioa ikusteko gogo biziz. Jon Garaño eta Aitor Arregik zuzendutako filmak kritika positibo ugari jaso ditu, zinemaren munduko pertsonaia ezagunen aldetik. «Euskalduna ez den jendeak pelikula bertsio originalean ikusteak asko harritu nau», aitortu du aktore gazteak.

Horretaz gain, Sagardoyk aurki badu beste estreinaldi garrantzitsu bat ere. Asteburu honetan Donostiako Beldurrezko Zinema Jaialdian Alex de la Iglesiak ekoiztutako thriller euskalduna aurkeztuko dute: Errementari. Aurpegira begiratuta ez du inork ezagutuko baina Enekok filmean parte hartu du. Izan ere, deabruaren papera hartu du beregain. Obabakoak, Handia, Errementari… «udazken honek udaberria dirudi», poztu da durangarra.

Hala eta guztiz ere, oinak lurrean itsatsita ditu. Izan ere, ez du bere burua gailurrean ikusten. Errodajeak duela urtebete bukatu zituen eta orain estreinaldiz estreinaldi dabilen arren, beste proiektu batzuetan murgilduta dago. Gelditu gabe ibiltzea atsegin du gazteak. «Lehortea edozein unetan iritsi daiteke, baina ni ez nau erein gabe harrapatuko», adierazi du ziur.

Esan eta egin. Oso gustura dago Eneko taula gainean zein kamera baten aurrean. Izan ere, hori da berari gehien gustatzen zaion unea. Hasiera batean egiten den pertsonaiaren aukeraketa edota azken faseari dagokion promozio eta estreinaldiek «estresatu» egiten omen dute. Beraz, berak grabaketa eta entseguak ditu gustukoen. Pertsonaia haragitzen duen une jakin horiek, hain zuzen ere. «Antzezten nagoen momentuan hodeien gainetik ibiltzen bezala sentitzen naiz, eroso».

Hori entzun ostean edonork ez luke esango durangarrak denbora gutxi daramala Ikuskizunaren munduan profesional gisa lanean. Baina pertsonalki badu eskarmenturik. Txikitan etxeko egongelan antzerkiak egiten zituen gurasoen aurrean. Horrez gain, ikastolan ere obra txikietan parte hartzen zuen. Pedagogoak bere talentua ikusita herriko antzerki taldera joateko aholkatu bezain bizkor apuntatu zen Sagardoy. Konturatu zenerako interpretazioak zati garrantzitsua betetzen zuen bere bizitzan. Goenkale telesailetik igaro ostean, zine eta telebistaren munduan bizi nahi zuela erabaki zuen. Izan ere, Ikus Entzunezko Komunikazioko ikasketak ere burutu ditu.

«Arteak errealitatearen beste ikuspuntu bat ematen digu»

Aipatu bezala, une honetan Bartzelonan dago Eneko, Obabakoak obra antzezten. Calixto Bieitoren lanak han izandako harrerarekin oso pozik dago. Izan ere, egunotan aretoan ez da eserleku bakarra ere libre geratzen. Harritzekoa, kontuan izanda euskaraz antzezten dutela. «Hemen obrak bertsio originalean, azpitituluekin ikustera ohituta daude». Gainera durangarra erosoago sentitzen da euskaraz antzezten, bere ama hizkuntza baita.

Zoritxarrez, egungo egoera politikoa dela eta Katalunian ezegonkortasuna da nagusi. Baina honek ez du Sagardoy atsekabetzen. Are gehiago «kulturak errealitatea alde batera utzi eta denbora tarte batez gozatzera gonbidatzen zaitu». Beraz, kasu honetan, talde osoak badu harro sentitzeko motiborik.

Sagardoyren agendari erreparatu ezkero, abendu erdialdera arte beteta daukala ikus daiteke. Ondoren Gabonetan lasai hartzeko asmoa du. «Oporrik ez, lan batetik besterako tartetxoa», argitu digu. Izan ere, oporretan egoteak lanik ez izatea adierazten omen baitu. Beraz, Enekok turroia jan eta topa egingo du familiarekin. Datorren urtea aurrekoa bezain goxo eta distiratsua izan dadin. Txin Txin, Eneko!

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos