http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Angostoko Azokak publiko zabalari Añanako landa inguruko errealitatea hurbilaraziko dio

Merkatu tradizionala datorren igandean egingo da Gaubean eta artisautzako 70 postu inguru egoteaz gain, beti bezala txahala eta patatak dastatzeko aukera egongo da

Datorren igandean berriz ere egingo da Angostoko Azoka Angostoko santutegiaren inguruetan; hain zuzen ere, Arabako Haranetako tradizio nagusietako bat. Erdi Aroan abeltzaintza azoka gisa sorturiko merkatua da, eta hamarkada askotan zehar izen handia izan zuen, horrek eragin zuelarik inguruko abeltzain guztiek bertan parte hartu nahi izatea. Duela mende erdi desagertzeak kolpe handia eman zion eskualdeari, baina hango bizilagunek berek hura berreskuratzeko lan handia egin zuten, eta horri esker lortu da ekoizle eta artisauek hango bizilagunekin, bisitariekin eta turistekin izaten duten topaketa hori etenik gabe egin izana azken 26 urteotan.

Azoka "Añana" Landa Garapenerako Elkarteak antolatzen du hauexen laguntzarekin: Arabako Foru Aldundia, Eusko Jaurlaritza, Vital Kutxa, Gaubeako Udala eta Villanañeko Administrazio Batzarra. Berriz ere egingo da 70 ekoizle baino gehiagoren produktuen erakusketa eta azoka, eta batez ere nekazaritza eta elikadurako produktuak eskainiko dituzte, hala nola Idiazabal gaztak, Arabako Errioxako ardoa, euskal pastela, hestebeteak, eztia, sagardoa eta sasoiko barazki freskoak; bestalde, lanbideetako artisauek imitaziozko bitxiak, larrua, saskiak, zintzarriak, zura… izango dituzte erakusgai eta salgai. Gatzagako txarangak girotuko ditu indarberritzeko balioko duten talo, tortilla, txanpinoi eta abarren postuak, santutegiko taberna bera edo Gesaltza Añanako gizarte eta kultura elkarteren txosna.

Azoka hori berreskuratzeko ideiak oso harrera ona izan du, eta horren erakusgarri da aurreko edizioan 8.000 eta 10.000 lagun joan izana hara. Haietatik asko Añanara joango da txahala eta patatak dastatzeko aukerak erakarrita, zeina dagoeneko azokako ohiko ekitaldi bihurtu baita.

Joan den edizioan Boilur sukaldarien federazioak, zeinak dastatze saioa antolatzen baitu, 1.000 anoa inguru banatu zituen.Ramiro González diputatu nagusia han izango da; baita foru gobernuko beste kide batzuk ere, eta denak posturik postu ibiliko dira, zuzenean jakiteko zer produktu dagoen azokan.

Fotos

Vídeos