http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Amurrioko Udala klima-aldaketara moldatzeko proiektu pilotuan parte hartzen ari da

SERGIO EGUÍA

Amurrioko Udala, baita Balmaseda eta Legazpikoak ere, klima-aldaketara moldatzeko LIFE Good Local Adapt izeneko proiektu europarrean parte hartzen ari dira. Proiektu hori Amurrioko bi auzotan, Goikolarran eta Landakon, garatuko da, datozen bi urteotan. Proiektuaren asmoa da udalerrian klima-aldaketaren gaineko ezagutza hobetzeko ekintzak identifikatzea eta, herritarrekin batera, horretara moldatzeko konponbideak zehaztea, gero Udalak martxan jar ditzan.

Hauek dira, hain zuzen, proiektu horren lehenengo urratsak: herritarrak klima-aldaketak ekar ditzakeen eraginez jabearaztea eta auzoei eta auzotarrei buruzko informazioa biltzea.

Urrian inkestak egingo dira auzo horietako kaleetan, etxez etxe. Galdeketa horien helburua da etxebizitzei, horien eraberritze-motei edo auzotarrek klima-aldaketaren gainean duten ezagutzari buruzko datuak biltzea.

“Informazioa bildu ostean, klima-aldaketara moldatzeko konponbideak taxutuko dira; konponbide horiek herritarrekin adostuko dira; ingurumen-, gizarte- eta ekonomia-onurak izan beharko dituzte konponbideok”, xehatu du Josune Irabien Amurrioko alkateak.

Proiektu pilotu hori Europar Batasunak finantzatzen du beste erakunde batzuekin batera, Ingurumenerako LIFE programaren esparruan, eta haren iraupena hiru urtekoa da, hots, 2020. urtera arte iraungo du.

Klima-aldaketak ondorio zuzenak eta zeharkakoak ditu hirien gainean, eta eragin horiek giza osasunari, azpiegiturei, zerbitzuei eta ekonomi jarduerei eragiten diete. Azken finean, ondorio horien garrantzia hiriaren prestaketa-mailaren araberakoa izango da, baita aurreikusten diren eta ez diren egoerei aurre egiteko gaitasunaren araberakoa ere, zeren eta, horretaz ari baita klima-aldaketara moldatzea: komunitateak prestatzea klima-aldaketarekiko ahultasuna murritz dezatela.

Fotos

Vídeos