http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Amos Oz

Amos Oz

Idazle lagun batek gomendatuta irakurri nuen orain hainbat urte ‘Contra el fanatismo’ saiakera laburra; bai eta liluratuta geratu ere

ARITZ GORROTXATEGI

Idazle lagun batek gomendatuta irakurri nuen orain hainbat urte ‘Contra el fanatismo’ saiakera laburra; bai eta liluratuta geratu ere. Azpimarraz bete nuen liburua. «Aldatu ezin daitezkeen eta aldatuko ez diren horien begietara aldatzen ez dena da traidorea, aldatu ezin daitezkeen horiek gorroto baitiote aldatzeari, nahiz eta beti dabiltza beste guztiak aldatu nahian». «Akordio batera heltzeko konpromisoa hartzen ez duen fanatismo oro, lehenago edo geroago tragedia edo komedia bihurtzen da». «Niretzat ‘akordio batera heltzea’ esamoldeak bizitzea esan nahi du. Akordio batera heltzearen kontrakoa ez da idealismoa edo debozioa, fanatismoa eta heriotza baizik». «Eta ez dago akordio alairik: akordio alai bat kontraesan bat da. Oximoron bat». «Israeldarren eta palestinarren arteko gatazkak duen gauza gogorrenetako bat da zapaltzaile beraren bi biktimen artean gertatu dela: Europa». Esku trebez idatzitako liburu argia da, argudio sendoz eta zentzudunez betea, eta jantzia gainera. Artean ez nuen israeldar idazle garaikiderik ezagutzen. Gerora ezagutu nituen David Grossman edota Abraham B. Yehoshúa. Banuen etxean Nobel saridunei buruzko bilduma zahar bat, non Shmuel Yosef Agnón-en liburu bat zegoen, Literatur Nobel saria jaso zuen lehen israeldarrarena. Beste garai bateko idazlea, bai idazkeraz bai ikuskeraz. Amos Ozek hartaz eta harekin izan zuen harremanaz hitz egiten du ‘Una historia de amor y oscuridad’ liburu autobiografikoan. Hain zuzen ere, duela bi urte zinemara egokitu zuen Natalie Portman antzezleak. Liburua harribitxi bat da, eta hartan Ozen haurtzaroa eta egilearen beraren senideen zein bizilagunen istorio eta bizipenak harilkatzen dira Israeldar Estatuaren sorreraren garaiarekin. Jerusalemetik Poloniara egiten dugu jauzi, Vilnara gero, Odessara hurrena; pogromoak eta holokaustoaren ondorioak ikus ditzakegu, orotariko intelektual eta poetak, gehienak ere Europazaleak eta ospe handikoak, baita bizilagun arabiarrak ere. Pasadizo esanguratsu batean laburbiltzen du Ozek judutar etorri berrien eta arabiarren arteko harremana 40ko hamarkadan. Auster dendariarenera joaten zirenean, kibbutz-eko biztanleek edo ondoko herriko arabiarrek egindako gaztaren artean aukeratu behar izaten zuten. Nori erosi? Arabiarren gazta atseginagoa iruditzen zitzaien, eta merkeagoa zen. Baina, hura erosita, ez al ziren sionismoari traizio egiten ari? Nola erosiko zuten, bada, atzerriko gazta bat? Aitzitik, bizilagun arabiarren produktuei boikota eginda, ez al ziren herrien arteko gorrotoa eta ezinikusia betikotzen ari? Gainera, arabiar gaztagile apal haiek ez al ziren Tolstoiren kontakizunetako mujik edo nekazari umil eta eskuzabalen anai-arreba beltzaranak? Ez zen inondik ere erabaki erraza gazta aukeratzea.

Bestalde, kibbutzeko bizitzaz ere hitz egiten digu, eragin zioten liburuez, Sherwood Andersonen ‘Winesburg, Ohio’ren aurkikuntza erabakigarriaz, emakumeekin izandako harremanez… Denborarekin, Amos Ozen zale porrokatua bihurtu naiz. Haren zenbait nobela eta kontakizun irakurri ditut: ‘El mismo mar’, ‘La Colina del Mal Consejo’, ‘Escenas de la vida rural’, ‘Una pantera en el sótano’… Bitxiki, ez dago euskaratuta Amos Ozen libururik. ‘Kutxa beltza’ren pasarte bat baino ez dago euskaraz irakurgarri, Miel A. Elustondok itzulia. Beharbada, ahanzturagatik, edo kasualitateagatik, edo zorte txarragatik. Nolanahi ere, gai delikatua da israeldar eta palestinarrena, eta gurean ere izan dira zenbait boikot (urrutira gabe, Noa kantariari egindakoa). Deigarria egiten zait, baina, norbaitek uko egiten dionean leku jakin bateko sormen-lanari leku jakin horretakoa izate hutsagatik. Fanatismoaren albo kalte bat. Nabarmentzekoa da, halaber, Amos Ozek gogor lan egin duela elkarbizitzaren alde, eta Shalom ajshav bake mugimenduaren sortzaileetako bat izan zela. Idazleak berak dio literatura fanatismoaren aurkako antidoto bat izan daitekeela irudimenari esker. «Eleberri bat idazteak, adibidez, zenbait zama dakartza, besteak beste goizero jaiki beharra, kafe kikara bat edatea eta bestea irudikatzea».

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos