http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alzheimerraren kontrako lankidetza berritu dute

Alzheimerraren kontrako lankidetza berritu dute

Gaixotasunaren kontra borrokatzeko bost programatan Aldundiak AFA Arabarekin daukan lankidetza berritu du. GOFEk 255.000 euro bideratu ditu lankidetza hitzarmenerako, 2018rako

I.AGOTE

Arabako Foru Aldundiak, GOFE Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen bidez, AFA Araba Alzheimerrak eta beste dementzia batzuek jotako pertsonen senide eta adiskideen elkartearekin daukan hitzarmena berritu du, beste lankidetza hitzarmen bat sinatu duelako 2018rako. Han jasotzen denez, bost programa garatuko dira, eta, horretarako, foru erakundeak 255.000 euro emango dizkio gizarte erakunde horri.

Hitzarmen hori ez da foru erakundearen zuzeneko eskumenen zerbitzuak emateko; halere, GOFEk lurraldeko hainbat elkarterekin sinatuta dauka, elkarte horien xedeetako bat delako arreta ematea mendetasuna, desgaitasuna edo hainbat gaixotasun daukaten edo gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan dauden pertsonei.

Halaxe iragarri du gaur Marian Olabarrieta Gizarte Zerbitzuen Saileko foru diputatuak, prentsaurreko batean, non Maribel Perea AFA Arabako lehendakaria izan baitu lagun. Aurkezpenean, Gizarte Zerbitzuen Saileko titularrak eskerrak eman ditu elkarteak egiten duen lanagatik Alzheimerrak eta beste dementzia batzuek jotako pertsonen eta haien familietako zaintzaileen ongizatean eragiteko; baita elkarteak daukan konpromisoagatik ere Arabako gizartea gaixotasun horiekin kontzientziarazi eta sentsibilizarazteko.

Horiek horrela, Marian Olabarrietak azpimarratu du gero eta zaharragoak direla arabarrak, eta horrek seguru aski eragingo du datozen urteetan pertsona horietako askok Alzheimerra edo adinari loturiko beste dementzia batzuk izatea.

“Gizarte bezala prest egon behar gara harremanetan jartzeko ahalik eta pertsona gehienekin eta haien familiekin, eta laguntzeko haien bizi kalitatea hobetzen” segurtatu du.

Foru diputatuak xehetasunak eman ditu Arabako Foru Aldundiak eta AFA Arabak sinatutako hitzarmenean jasoriko bost programei buruz. Hartara, Haize Berri psikoestimulazio zentroa aipatu du, dementziaarina edo moderatua duten pertsonei bideratua, zeinetara egunero 48 pertsona joaten baitira AFA Arabak Salburuan daukan lokal berrian, eta zeina egokitzeko Arabako Foru Aldundiak laguntza eman baitzuen 2016an.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos