http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alkateak eskatuko du Oroimenezko Zentroan martxoaren 3ko biktimak ere sartzeko

SERGIO EGUÍA

orka Urtaran alkateak iragarri duenez, Terrorismoaren Biktimen Oroimenezko Zentroa fundazioaren patronatuari eskatuko dio zentroan martxoaren 3ko biktimak ere sartzeko. Proposamen horri uko eginez gero, alkatea hirian espazio propioa sortzen saiatuko da, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuarekin batera. «Pentsaezina da Gasteizen biktimak oroitzeko jarritako zentro batek aintzat ez izatea gure hirian martxoaren 3an jazotako gertakari tragikoak. Biktima guztiek merezi dute oroitzapena, ordaina eta justizia», aldarrikatu du Gorka Urtaranek.

Hirian 1976an gertatutakoaren urteurrenaren bezperan, alkateak eskerrak eman dizkio Martxoak 3 elkarteari, «gizon eta emakume gasteiztarrek bost pertsonaren heriotza eta ehun zauritutik gora eragin zituzten gertakari tragiko haietan izandako esperientzia ikusarazteko egin duten eta egiten ari diren lanagatik. Biktima denek tratu bera merezi dute. Asmoa ez da errudunak bilatzea, edo mendekua, baizik eta aitortzea ez dagoela inolako arrazoirik eskubiderik sakratuena, bizitzeko eskubidea, urratzea justifikatzen duenik».

Era berean, Udalak martxoaren 3ko biktimen kausari laguntzeko eman dituen pausoak gogoratu ditu alkateak, memoria historikoa ondare kolektibo gisa ezagutu eta gordetzearen aldeko konpromisoarekin lotuta.

Gorka Urtaranek azaldu du, halaber, aurten martxoaren 8a (Emakumeen Nazioarteko Eguna) dela eta Udalak antolatu dituen jarduerek bereziki gogoratuko dituztela «emakumeen bizipenak eta esperientzia, oroimen pribatura mugatuta gera ez daitezen. Emakumeen antolakundeek eta mugimendu feministak historian eta bereziki gure udalerrian duten zeregin aktiboa ere agerian jarriko da. Izan ere, beharrezkoa bezain bidezkoa da haien esperientzia kolektibo eta historikoa aitortu eta ikusaraztea, eta gizarte bidezko eta berdinzaleagoa lortzeko egindako borroka eta aktibismoari ahotsa ematea. Martxoaren 3aren bezperan, eskertu behar dugu hainbat taldek gertakari tragiko haietan Gasteizko emakumeek izandako esperientzia ikusarazteko egin duten lana». Programan jasotako ekintzetako batzuk Martxoak 3 elkarteak proposatu ditu, Udalak bere jarduera-ildoetako bi oso gogoan izan baititu egitaraua lantzean: memoria berreskuratzea eta emakumeen ahalduntzea.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos