http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alkartasuna Dantza Taldea, Korrontzi musika eta Oinkari dantza... Bermeon, irailean

Bermeoko Artza Frontoian irailaren 2an, larunbatean, joko dute gaueko 22:00etan

ELCORREO.COM

Alkartasuna Dantza Taldea, Korrontzi musika taldea eta Oinkari dantza taldeko dantzariak batera egongo dira eszenatokiaren gainean, irailaren 2an, larunbatean, Bermeoko Artza Frontoian gaueko 22:00etan.

Ainhoa Begoñak, Olatz Telletxeak eta Arantza Ormazak Alkartasuna Dantza Taldeko ordezkariek eta Aingeru Astuik, Bermeoko Kultura zinegotziak, ikuskizun horren berri eman dute ostiral hontan egindako prentsaurrekoan.

Dantzariek adierazi dutenez, Alkartasuna Dantza Taldearentzat Korrontzi eta Oinkarirekin ekitaldi hau egitea «erronka polita» izango da, «bereziki, entseguetan ohituta ez gauden teknika eta pausu berriak ikasten ari garelako». «Gainera, Bermeoko eta inguruko herrietako ikusleei erakustaldi berritzaile eta ikusgarri bat aurkezteko aukera paregabea da, gure betiko ekitaldietan ikusten diren dantza tradizionaletatik urrunduko garelako», nabarmendu dute.

Ildo berean, Alkartasuna dantza elkarteko kideen ustez, ekitaldi horrekin, Alkartasuna dantza taldeak «aurrera egiteko duen ahalmena eta ahalegina beste behin erakutsiko du». «Horretaz aparte, Korrontzi musika taldea eta Oinkari dantza taldea eszenatokian ikusteak ere merezi du», gaineratu dute.

Sarrerak 7 eurotan

Korrontzi folk taldea Agus Barandiaran trikitilariak sortu zuen Mungian, Euskal Herriko musika tradizionala eta herrikoari bultzada emateko helburuarekin. 2004an hasi ziran entsegu eta ekitaldiekin eta gaur arte ez dira gelditu; izan ere, kontzertu eta ekitaldiez gain, hainbat disko ere argitaratu dituzte, 2014. urtean bosgarrena, hain zuzen ere.

Oinkari dantza taldea, berriz, 1975ean sortu zen Billabonan (Gipuzkoa) euskal dantza tradizionalak ikasi eta erakusteko asmoz. Gaur egun, Korrontzi eta Oinkari taldeak elkarrekin aurkezten dira emanaldietan.

Ekitaldi honetarako sarrerak 7 eurotan egongo dira salgai BBK-ko kutxazainetan eta Bermeoko Luma liburu-dendan abuztuaren 2tik aurrera.

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos