http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aldundiak Neguko Bidezaintza Plana indartuko du, elurra kentzeko 6 kamioi berririekin

Elurra kentzeko kamioi bat, Altuben./R. Gutiérrez
Elurra kentzeko kamioi bat, Altuben. / R. Gutiérrez

Kamioi horiek beste hainbeste zahar ordeztuko dituzte. 230 profesional baino gehiagoz eta elurra kentzeko 36 makinaz osatutako talde batek erraztuko du zirkulazioa elurte eta izozteetan

I.AGOTE

Arabako Foru Aldundiak 2017/2018ko Neguko Bidezaintza Plana indartuko du, elurra kentzeko sei kamioi berri sartuko baititu, zeinek hortzak eta gatza banatzeko depositua, trakzio integrala ardatz guztietan eta teknologia aurrerapen berrienak dakartzaten. Planari atxikitako ibilgailuen flotaren zati bat berritu da, bide sarean mantentze lanak egiteko eta onik zaintzeko kontratuen bitartez.

Kamioi berriak sartu dira, zaharrak ordezteko, gizakiek eta teknologiak eratutako talde handi batera, zeinaren ardura baita ibilgailuen zirkulazioa erraztea Errepideen Foru Sareko 1.500 kilometroetan, datozen hilabeteetan izotza eta elurra egiten duenean. Talde hori 230 profesional baino gehiagok, elurra kentzeko 36 kamioik, 65 traktore horzdunek eta gatzuna eta/edo gatza gordetzeko 12 gunek osatzen dute.

2017/2018 Neguko Bidezaintza Planeko beste berritasun bat Errepideak Kontrolatzeko Zentro berria da, Arabako Foru Aldundiaren ibilgailuen parkean dagoena. Eraikin berri hori informazioa jasotzeko gune nagusia izango da; bertara iritsiko da bide sarearen egoerari buruzko informazioa estazio meteorologikoen, denbora errealeko irudien eta landa langileen bitartez, eta han ezarriko dira elurra eta izotza egiten duenean bideak garbi mantentzeko operatiboak.

Josu López Ubierna Bide Azpiegituren eta Mugikortasunaren Saileko forudiputatuak eta Marian Gutiérrez arloko zuzendariak gaur aurkeztu dute Arabako Neguko Bidezaintza Plana 2017-2018 kanpainarako, eta datorren asteazkenean, azaroak 15, abiatuko da, apirilaren 15era arte.

Dena den, garai horretatik kanpo izozteak edo elurteak gertatzen badira, foru erakundeak berdin bermatuko du beti ibilgailuen zirkulazioa.Horixe gertatu da aste honetan bertan.Zenbait taldek lanean aritu behar izan dute asteartetik ostegunera bitartean, prebentzio lanak egiteko eta errepidetik elurra kentzeko, lurralde historikoko mendateetan izotz eta elur apur bat bota baitu

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos