http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aldundiak eta Logroñok lankidetza areagotuko dute suteak prebenitu eta itzaltzeko

Sute bat Araban.

Bi erakundeek erabaki dute prestakuntza esperientziak eta talde lanerako prozedurak trukatzea, bi kidegoen arteko koordinazio operatiboa hobetzeko

ELCORREO.COM

Arabako Foru Aldundiak eta Logroñoko Udalak suteen prebentzio, itzaltze eta salbamendu arloan izenpetu duten hitzarmenaren jarraipen batzordeak ontzat jo du hitzarmenaren 2016ko funtzionamendua eta bi erakundeen arteko lankidetza areagotzea erabaki du.

Hitzarmenaren jarraipen batzordeak jakinarazi duenez, Logroñoko Udalean suteak itzaltzeko ardura dutenek 27 esku hartze egin zituzten 2016. urtean Araban.

Arabako Aldundiaren jauregian ostegun honetan egindako bileran parte hartu dute Pilar Garcia de Salazar diputatu nagusiorde eta Ekonomia Garapenaren eta Lurralde Orekaren diputatuak, Iñaki Guillerna Lurralde Orekaren zuzendariak eta Javier Carro Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoko zuzendari kudeatzaileak. Logroñoko Udala ordezkatuz, bertan izan dira Miguel Sainz alkateorde eta Herritarren Segurtasunerako zinegotzia, Guillermo Revilla Herrizaingo zuzendaria eta Luis Angel Medel suhiltzaileen burua.

Bi erakundeek adostu dute hitzarmena berrikustea, batetik, iaz Arabako Foru Suhiltzaileak erakunde autonomoa sortu zela ikusita, eta, bestetik, iragan urtarrilean Guardiako 24 orduko SISEU abian jarri zelako. Halaber, erabaki dute prestakuntza esperientziak eta talde lanerako prozedurak trukatzea, bi kidegoen arteko koordinazio operatiboa hobetzeko.

Bestalde, ostiralean bilduko da Arabako Foru Aldundiaren eta Errioxako Su Itzaltze, Salbamendu eta Babes Zibilaren Zerbitzurako Partzuergoaren arteko lankidetza hitzarmenaren jarraipen batzordea.

Fotos

Vídeos