http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aldundiak 27 gazte eta luzaroko langaberen kontratazio mugagabea sustatu du

Emakumeei egin zaizkie kontratuen erdiak baino gehiago

I.AGOTE

2017an, Arabako Foru Aldundiak 27 gazte langabe eta luzaroko langaberen kontratazio mugagabea sustatu du sektore pribatuan dirulaguntzen programa berri baten bidez, zeinaren xedea lurralde historikoan enpleguaren kalitatea hobetzea baita. Emakumeei egin zaizkie kontratuen erdiak baino gehiago.

Iragan maiatzean, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak programa bat jarri zuen abian, bultzatzeko kontratumugagabeak eta egonkorrak egitea laneratzeko zailtasun bereziak zituzten kolektiboei: 30 urtetik beherako gazteei eta luzaroko langabeei, hain zuzen. Foru Gobernu Kontseiluak gaur bertan onartu du programa horren ebazpena, eta 27 kontratazio lagundu dira diruz.

Horietatik guztietatik 21 kontratu 30 urtetik beherako gazteei egin zaizkie; eta 6 kontratu luzaroko langabeei, alegia, urtebetebaino gehiago, jarraian, langabezian egon diren pertsonei. Kontratu gehiena enpresa txiki eta ertainek egin dituzte, bai eta zerbitzuen sektoreko autonomoek ere (ostalaritza, merkataritza, garraioa eta abar), eta gutxixeago industria sektorekoek.

Gainera, beste hiru kontrataziori dagozkien eskaerak noiz aztertu eta izapidetuko zain daude. Programa horrek, zeinari 2018an ere eutsiko baitzaio, 5.000 euroko dirulaguntza ematen die enpresa txiki eta ertainei zein profesional autonomoei, lehen aipatutako bi kolektiboetako langabetuei egindako kontratu mugagabe bakoitzeko. Aldiz, emakumeren bat kontratatzen badute, 6.000 euroko dirulaguntza jasotzen dute, oraindik ere langabezia tasa askoz ere handiagoa baita emakumeen artean.

Arabar emakumeen langabezia tasa jaitsarazteko diskriminazio positibo horrek izan du islarik programaren datuetan, indarrean egon den lehenengo urtean: 16 kontratu, kontratu guztien % 60, emakumeei egin zitzaizkien, eta gainerako 11 kontratuak, gizonei.

Deialdien oinarriek dirulaguntza jasoko duen enpresa behartzen dute batez besteko plantillari eustera kontratua izenpetu aurreko eta ondoko sei hilabeteetan, eta enplegatu berrien lan egonkortasuna bermatzera gutxienez bi urtez. Baldin enpresaren borondatez kontratuak gutxieneko aldi hori bete baino lehen iraungitzen badira, dirulaguntza itzuli beharko dute zuzenean.

Aitzitik, kontratua langileak hala nahi duelako iraungitzen bada, enpresa edo autonomo onuradunak haren ordezkoa jarri ahal izango du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos