http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Aldundiak 40.000 euro baino gehiago erabili ditu artisautza sektoreari laguntzeko

Inbertsio, prestakuntza eta sustapenerako laguntzen bitartez

I.AGOTE

Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak 40.000 euro baino gehiago bideratu ditu aurten Arabako artisauentzako laguntza zuzenetara, lehiakorrago izaten laguntzeko. Laguntza horien bidez, honako hauek finantzatu dira: ekipo informatikoak eta makinak berritzea, lantegiak eraberritzea, prestakuntza ikastaroetara joatea eta sustapen ekintzak garatzea.

Arabako artisautzari laguntzeko foru politikak bi dirulaguntza programatan gauzatzen dira. Lehen programaren bidez, sektorea modernizatzen laguntzeko inbertsio proiektuak bultzatzen dira, eta, horretarako, artisauen jarduna gauzatzeko behar diren makina eta lanabes berriak erosi, muntatu eta instalatzen dira, eta eraberritze lanak egiten dira lantegi eta lokaletan.

Programa horren bidez finantzatu dira, esate baterako, 11 inbertsio proiektu, honako hauek erosteko: josteko makinak, pintatzeko pistolak, galdarak, serigrafia eta estanpazio makinak eta inprimagailuak, besteak beste.

Bigarren programak xede du arabar artisauei laguntza ematea prestakuntza jaso dezaten eta merkataritza eta sustapen ekintzak gauza ditzaten.15 artisau izan dira programa horren onuradunak, hain zuzen ere 400 eta 4.000 euro arteko dirulaguntzak eman baitzaizkie web orriak diseinatzeko, marketinean eta argazkien edizioan prestakuntza jasotzeko, azoketara joateko eta sustapen materiala argitaratzeko (liburuxkak, eranskailuak, poltsak, postalak eta abar).

Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, “Politika horien helburua da artisautza sektoreari laguntza eta prestigioa ematea, hain zuzen ere asko laguntzen baitu bertako kultura eta lanbide tradizionalak mantentzen eta belaunaldi berriei helarazten.

Aisialdiaz gozatzera gure lurraldera datozenentzat ere erakargarria da, ez dago zalantzarik”. “Hemen kokatzen da azken hilabeteetan Erdi Aroko Hiriguneko Denden eta Zerbitzuen Federazioarekin lankidetzan gauzatu den ekimena, xede duena artisauen lantegiak jendeari irekitzea, artisauen lana ezagutzera emateko eta beren produktuak errazago merkaturatzeko”, erantsi du.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos