http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Alde Zaharrean hutsik dauden saltokiak suspertzeko proiektu pilotua martxan da

Alde Zaharrean hutsik dauden merkataritza lonjak mobilizatzeko asmoz proiektu pilotu berri bat jarri du martxan Bilboko Udalak. Udalaren 2016-2019 Agintaldiko Planean jasotako ildo estrategikoetako bat da hau eta itxita dauden saltokiak suspertzea eta krisialdiak kaltetuenetako hiriko zona horretako merkataritza guneetako batzuetan zuzenean eragitea da helburu nagusia.

Horretarako, Bilbao Ekintza udal sozietatearen bitartez, eta Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaileen eta Diseinatzaileen Elkargo Ofizialaren laguntzarekin, elkargokide profesionalei zuzendutako lehiaketa bat egingo da, eta diseinu eta interiorismoko proiektuak egitea proposatuko da.

Zehazki, zenbait hileko azterlanaren ondoren, Belostikale eta Dendarikale kaleetan gaur egun salmentan edo errentan hartzeko dauden bost lokal itxi hautatu dira, etorkizuneko saltokien inspirazio iturri izan daitezkeelakoan.

'Biziago!' izeneko txapelketa ezagutzera ematen hasi da dagoeneko elkargokide profesionalen artean, lanen aurkezpena sustatzeko. Lan horiek egungo araudia bete beharko dute teknikoki, betiere elkargo ofizialaren eta Surbisa sozietate publikoaren gainbegiratzearekin.

Urrian zehar aurkeztuko diren proposamen guztien artean bost aurreproiektu onenak hautatuko dira, lokaleko bat. Interiorismoari, dekorazioari eta merkataritzari lotutako epaimahai profesional bat arduratuko da aukeraketa egiteaz. Belostikale eta Dendarikale kaleetako bost lokaletarako aukeratutako bost proposamenak azaroaren 2tik 15era egingo den erakusketan egongo dira ikusgai; lonja horien fatxadetan eta erakusleihoetan kokatuko da eta azalpen biniloak izango dituzte. 'Biziago!' egitasmoaren amaieran lan bat izendatuko da irabazle, eta herritarrek ere eman ahalko dute botoa.

Ideia berria

Xabier Ochandiano Bilboko Udaleko Ekonomia Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotziaren esanetan, ekimen berritzailea bilatzen saiatu dira, eta horregatik hautatu da profesionalei zuzendutako lehiaketa. «Ideiak ez errepikatzen saiatu beharko dira eta lokal bakoitzaren ezaugarriei egokitzen diren proiektuak aurkeztu beharko dituzte», adierazi du.

«Hori guztia Bizkaiko Barrualdeen Dekoratzaileen eta Diseinatzaileen Elkargo Ofizialaren eta lokaletako jabeen erabateko inplikazio zein orientazioarekin gauzatu da. Azken horiek, berriz, ez dute inolako gasturik ordaindu beharko. Gure helburua hauxe da: kale eta saltoki hori irekita egongo balitz nolakoak izango liratekeen bistaratzea, betiere aipatutako ideia berria baliatuz», azaldu zuen pasadan astean.

Era berean, Dekoratzaile eta Diseinatzaileen Elkargoaren arduradunen hitzetan, ekimenak agerian utziko du profesionalek jabeei eta errentariei negozio proiektuak aurrera ateratzen laguntzearen garrantzia. «Adituen zerbitzua eta elkargo ofizialaren tutoretza izatea aurreikusitako helburuak lortzeko bermerik onena da», esan zuen.

Gaur egun 7.500 pertsona (Bilboko biztanleriaren %2) bizi dira Alde Zaharrean, Bilboko biztanleriaren %2, eta hiriko auzorik gazteenetako bat da, batez besteko adina 42 urte baita. Aisialdi, merkataritza eta gastronomiako gune nagusienetako bat dela uste da, eta Bilboko tradizioak eta nortasun ikurrak gordetzen dira bertan.

Horrenbestez, Ochandianoren hitzetan, «inolako zalantza barik, hiriko erakargarritasun elementua da, bai Bilboko zein Bizkaiko pertsonentzat, bai Estatuko zein nazioarteko bisitarientzat, etortzen direnen %100 Alde Zaharrera joaten baita».

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos