http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

«Ez zait geldirik egotea gustatzen»

Aitor Majo/Telecinco
Aitor Majo / Telecinco

'La Voz' saiotik pasatu ondoren, Aitor Majok ibilbide luzea dauka oraindik egiteke ikuskizunaren munduan

IZASKUN MOYANO

«Paristik natorren artista bat naiz ni…», zihoen Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoen abesti mitiko batek. Aitor Majok ordea «Bilbotik natorren artista bat naiz ni» abestu beharko luke. Abeslaria, beatboxlaria, imitatzailea, youtuberra, aktorea, etab… baita mutil gaztea; ez omen zaio geldirik egotea gustatzen. Duela zortzi urte igo zen lehenbizikoz eszenatoki gainera eta ordutik aurrera ez du atsedenik hartu. Izan ere, grabatu eta sare sozialetan konpartitzen dituen bideoei esker ezagun egiten joan da azken hilabeteotan.

Hasieran denbora pasa gisa egiten zuena, egun ogibide bilakatu da. «Nire hobbya lan bihurtzean zorte handia izan nuen», onartu du bilbotarrak. Batxilergoan zegoenean Ivan ezagutu zuen eta bien artean 'Bocabeats Comedia' izeneko beatboxing taldea osatu zuten. Egun batean Kantabriako lehiaketa bat irabazi ostean ez dira gailurretik jaitsi. Astero geratu eta sare sozialetan milaka erreprodukzio izaten dituzten bideoak grabatzen dituzte. Horrez gain, Euskal Herria eta baita Espainiatik ere ikuskizunak eskaintzen dituzte. «Duela lau urte ez nuke imajinatu ere egingo egun arrakasta hau lortu genukeenik. Luzaroan horrela jarraitzea espero dut», onartu du Majok.

'Bocabeats Comedia'k ate asko ireki diete biei. Izan ere, egun, gaueko 21.00tik aurrera EiTB 1eko 'Gure Kaxa' saioan parte hartzen dute. Hasieran kolaboratzaile hutsak ziren, baina beraien talentuak sekzio oso bat merezi zuela konturatu zen programako zuzendaria. «Telebistara joateko irrikaz geunden», aitortu du. Izan ere, bertan «etxean bezala» sentiarazten dituzte, oso harreman ona baitute aurkezle, editore eta saioko taldekide guztiekin.

Nolabait esateko, alderantzizko bidea hartu zuen beatboxlari pareak. Hots, lehendabizi bolo edo showak eskaintzearren egin ziren ezagun, eta ondoren hasi ziren sare sozialen bidez bideoak partekatzen. Egun, ez da ohikoena horrela arrakasta lortzea. Honen harira, Aitorrek bere kaxa, umorezko bideoak grabatu eta Facebookera igotzeari ekin zion. «Egun batean, goizaldeko laurak aldera ideia bat burura etorri eta ohetik jaiki egin nintzen hura apuntatzera. Hurrengo goizean grabatu eta arratsalde batean milioi bat erreprodukzio izan zituen». Hala ere, berak ez du 'bikotea apurtu nahi'. «Nire etorkizuna Bocabeats da, eszenatokian Ivan nirekin ez bada deseroso sentituko nintzateke», adierazi du.

Baina une batzuetan bakoitzak bere ibilbidea jarraitu behar du. Izan ere, Aitorrek abeslari gisa aritzeko nahiak bultzatuta Tele5-ko 'La Voz' saiora apuntatu zen. Hiru 'coach'ak aho bete hortz utzi ostean, Pablo Lopez abeslariaren taldera joatea erabaki zuen. Lagun ugari egin zituen saioan, eta hauetariko baten aurka, Liam, hain zuzen ere, galdu egin zuen bataila. Ondorioz, etxera joateko ordua iritsi zen bilbotarrarentzat. «Artistak harroputzak zirela uste nuen, baina guztiz oker nengoen. Beraien ametsa bete nahi duten pertsona umilak dira».

Majok ere izango ditu ametsak, baina ez du ordea lo askorik egiten. Izan ere, denbora librea daukanean DJ lanetan edota tatuajeak egiten aritzen da. Horrez gain, egunero gimnasiora juteko ohitura du. Baina igandeak ama edota lagunekin egon eta deskonektatzeko aprobetxatzen ditu. Hauek guztiak oso harro daude bilbotarraz, eta aurrera jarraitzeko animatzen dute, ahal duen heinean. Esan eta egin. Egun duten une goxoa dastatzen ari dira etengabe. Udan, adibidez, 50 ekitaldi eskaini zituzten Espainia osoan zehar. Baina nahiago dute etxeko publikoa. «Euskal Herriko zaleak jatorrenak dira», aitortu du.

«Beti txantxetan nabil»

Belarri batetik besteraino heltzen den irribarrea erakusten du Aitor Majok. Beti txantxak egiten eta ironiarekin jolasean dabil. Izan ere, Antonio Orozco abeslariak barre itzelak bota zituen berarekin saioan. Hala eta guztiz ere, bilbotar gazteak, mundu guztiak bezala, une tristeak ere izaten ditu. «Gure lana umore onean egin behar da eta triste egonda ere disimulatzen jakin behar dugu. Horra hor zailtasuna».

Aste bi barru 'Bocabeats Comedia'-ren ibilbidean aldaketa sor dezakeen bilera burutuko dutela aitortu du, primizia gisa. Ziur orain arte bezala oso ondo joango zaiela, baina hala gertatzen ez bada ere Majorentzat ez da mundua bukatzen. Izan ere, diseinatzaile grafikoko ikasketak amaitu zituen unibertsitatean eta lanen bat edo beste burutzen ditu. «Amaren agindua jarraitu eta karrera bukatu nuen». Arrakastaren ondorioz hodeietatik ametsetan dagoen arren, oinak lurrean ditu Aitorrek.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos