http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

AGLE elkartearekin bi hitzarmen sinatzea onetsi du udal-gobernuak, programa sozialak finantzatzeko

Loremaitea programak 40.000 euro jasoko ditu eta AGLEk 22.000 euro

I.AGOTE

66.000 euro bideratuko ditu Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Arabako Gizarte Laneko Elkartearekin —AGLE— bi hitzarmen sinatzera, Elikagaien Bankuari laguntzeko eta Loremaitea zerbitzua garatzeko.

Loremaitea programak 40.000 euro jasoko ditu. Nahikoa baliabiderik ez duten guraso bakarreko adingabe eta familiei lagundu ahal izango die horrekin AGLEk 2017an, laguntza sozialerako sarerik ez dutenei, edo genero-indarkeriaren biktima direnei.

Lan- eta prestakuntza-ordutegia eta familia-bizitza uztartzea ezinezko zaielako seme-alabak artatzerik ez duten aita edo amen kasuan ematen du laguntza zerbitzu horrek; izan ere, modu negatiboan eragin dezake horrek familia horien gizarte-inklusiorako eta autonomia-gaitasuna hobetzeko lanean.

Doako zerbitzua da Loremaitea, erabiltzen duten familientzat, eta 4 hilabetetik 12 urtera bitarteko haurrak artatzen ditu —astelehenetik ostiralera, 8:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 8:00etatik 17:00etara—. “Aldi baterako konponbidea eskaintzen die familia horiei, beren autonomia-maila handitu eta egoera ekonomikoa hobetu dezaten, eta denbora bat igaro ondoren laguntza horren beharrik izan ez dezaten”, azaldu du Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren zinegotzi Peio López de Munainek.

Bestalde, 22.000 euro jasoko ditu AGLEk, Arabako Elikagaien Bankura jo lezaketen familien balorazioak egin eta, hartara, entitate horrek egiten duen janari-banaketa modu eraginkor eta profesionalean ordenatzeko 2017ko urtarrilaren 1etik irailaren 30era egiten ari den lanaren truke. Urritik aurrera, Udalaren gizarte-zerbitzuetako langileak arduratuko dira ebaluazio horiek egiteaz.

Gizarteratze-ikastaro lagunduak

AGLErekiko hitzarmenak onesteaz batera, egoerarik txarrenean dauden pertsonen gizarte-inklusiorako ikastaro lagunduak egiteko bi kontratu esleitu ditu gaur Tokiko Gobernu Batzarrak.

Lehenengo ikastaroan garbiketaren sektoreko berariazko ezagutzak irakatsiko zaizkie parte-hartzaileei —243 prestakuntza-ordu—. Garbinguru, Servicios Medioambientales enpresari esleitu zaio.

Bigarren ikastaroa, berriz, eraberritze-lanen ingurukoa izango da, eta eraikuntzaren esparruko nahiz trebetasun sozio-pertsonalen arloko prestakuntza emango du. Beraiki99 enpresa arduratuko emateaz, 75.054 euroko aurrekontuarekin.

Fotos

Vídeos