http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Agate Deuna bezpera: nondik dator oles egitearen ohitura?

Agate Deuna bezpera: nondik dator oles egitearen ohitura?
Maite Bartolomé

Ageda Deuna bezpera ospatzen da gaur Euskal Herrian eta bizilagunek makila lurra jotzeaz batera etxerik etxe abesten dute

IZASKUN MOYANO

Otsailak 4 ditu gaur eta Agate Deuna bezpera ospatzen dugu Euskal Herrian. Ohitura den bezala, antzinako baserritarren arropa jantzita atez ate abesten joaten dira herritarrak. Makila bat daramate eskuan, eta honekin lurra jotzeaz batera eramaten dute guztiek erritmoa. Entzuten dituzten herritarrek, dirua ematen die, eta askok egun batzen duten guztia GKEren batera bideratu edota 'kinto'-etako afarietarako gordetzen dute. Baina nondik dator ohitura bitxi hau?

Lehenik eta behin, azal dezagun nor izan zen Ageda Deuna. 230. urtean (III. mendean) jaio zen Agate, Kataniako hirian (Sizilia). Kristauen jazarpenaren garaian Quintianius Siziliako prokontsula neskarekin maitemindu zen, baina honek baztertu egin zuen, bere birjinatasuna Jesukristori eskainiaz batera. Gizonak bere nahia ez lortzearen amorruz, Ageda gaztea torturatu eta bularrak ebaki zizkion, heriotzara zigortuz. Ordutik aurrera, Agate feminismoaren ikur bihurtu da, eta otsailaren 5ean ospatzen da bere eguna.

Baina aurreko gauean Agate Deuna bezpera dugu, «Euskal Herriko eguna. Etxe guztiak kantuz pozteko aukeratu duguna». Hori esaten du abestiak, behintzat. Herritar bakoitzak makila bana darama lurra jo eta erritmoa markatzeko. Ekintza bitxi honek ere badu bere zergatia. Izan ere, kondaira paganoak esan bezala, kolpeok emanez lurrari esnatzeko oihua egiten zaio, neguko solstizioaren amaieran, udaberria datorrela eta fruitu asko emateko eskakizuna burutzeaz batera.

Beraz, gaurko egunean zehar ez da arraroa izango lagun taldeak kalean zehar abesten entzutea. Izan ere, ikastoletako umeak, abesbatzetako kideak, musika eskolako ikasleak edota betiko kuadrillako lagunak batu eta eztarria berotzeko ohitura jarraitzeari ekiten diote. Euskal Herriko koloreekin makilak atondu eta oles egitera joaten dira etxerik etxe. Halaber, antzina batean kristautasunak hedatutako errito paganoak beste urtebete iraun dezan laguntzen dute.

Temas

Euskera

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos