http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Art After Dark, berriz Guggenheimean

The Hacker DJ-ak Frantzian jarraitzaile ugari ditu./
The Hacker DJ-ak Frantzian jarraitzaile ugari ditu.

Saio hauek 2008. urtean abiarazi zituen Museoak eta ordutik gero artea eta musika maite dutenen artean izan duten arrakasta dela eta urtero antolatu dira

ELCORREO.COM

Musika elektronikoko saioak hasiko dira irailaren 22an, ostiralean, Guggenheim Museoko Atrioan. Saio hauek 2008. urtean abiarazi zituen Museoak eta ordutik gero artea eta musika maite dutenen artean izan duten arrakasta dela eta urtero antolatu dira. Oraingoan bertaratzen direnek Frantzian jarraitzaile ugari dituen The Hacker DJ-arekin, Bartzelonatik datorren Undo eta Bilboko DJ aitzindarietako bat den DJV Sound-ekin dantza egin ahal izango dute.

'The Hacker' goitizenaz ezaguna den Michel Amato produktoreak 1990eko hamarkadatik jarraitzaile asko ditu laurogeiko hamarkadako doinuen eragina duen musika elektronikoari esker: Depeche Mode, New Order, Giorgio Moroder, Cabaret Voltaire, Front 242 edo Kraftwerk ditu inspirazio-iturri. Abangoardiako tekno zalea dugu DJ aitzindari hau, haren influentziak soinu paregabean eho ditu. Hamaika single argitaratu zituen Sativae, White Noise, Tsuba, Infiné, Correspondant eta Tigersushi bezalako disko etxeetan 2011. urtean ZONE etxe propioa fundatu zuen arte. 2014. urtean Love/Kraft albuma argitaratu zuen eta 2015ean demo galduen EP berria atera zuen Miss Kittin-ekin batera AEBko Dark Entries etxearekin. 2016 urte emankorra izan zen oso: maxi-single bat kaleratu zuen Cititrax-ekin eta beste bi Dark Entries-ekin; hainbat remix argitaratu ditu eta lankidetzan aritu da Luke Eargoggle eta DJ Overdosekin. Oraingo zuzeneko proiektuan haren sustraietara bueltatzen da %100 analogikoa den set batean, non bere bi joera kuttunenak bikltzen dituen: new wave iluna eta tekno indartsua.

Undo (Gabriel Berlanga) milurteko berriarekin hasi zen DJ lanetan eta ordutik Bartzelonako joera elektronikoa eta artista kataluniar honen ibilbidea bat dira. Haren arrakasta berak duela 15 urte sortutako Factor City disko etxearen estudioan, pistan eta indarrean datza. Horri esker kaleratu zuen hirugarren LPa, Disconnect, haren lan handinahienetakoa eta 2016. urte amaieran urteko album onenen zerrendetan sailkatu zutena. The Loft (Razzmatazz) aretoan egoiliar moduan egin duen ibilaldia luzea, egonkorra eta energiaz beterikoa izan da. Bestetik, haren setak antolatzerakoan erabiltzen dituen estilo eta genero anitzak oso egokiak dira Moog aretoan bi hilabetean behin egiten dituen saioetarako, beat exijenteena garatzen duen horietarako. Europa osoko jaialdi eta clubetara egin dituen bidaiekin handitu du haren esperientzia, musika elektronikoak munduan duen gorakadaren erdian. Undoren track eta remixak Correspondant, My Favorite Robot, Beachcoma edo Areal Records diska etxeetan ere aurki daitezke. Undoren proposamen sendo eta ezohikoak genero eta hamarkada anitzetako onena arakatzen du. Haren errepertorioak pop-aren influentziak, musikaren ezagutza sakona, acid edo elektro bezalako estilo ezberdinak bat egiteko gaitasuna eta teknoak moldatutako gustua uztartzen ditu eta aurrera egiteko prest dago pista klasikoetatik berrikuntzaz betetako orainaldira.

Denboraldi berriari hasiera emateko Bilboko musika elektronikoaren giroko aitzindaria igoko da eszenatokira: José Vicente López, 'DJV Sound', goitizen horrekin 1978tik diharduen DJ eta eragilea. Haren ibilbidearen hasieran José Luis Rebollorekin batera (Madelman) urtetan partekatu zuen kabina Palladium-en, non hiriko lehenengo zuzeneko saio elektronikoak egin ziren. 1998. urtean Javi Francorekin batera NoDaTa taldea sortu zuen, Bilbon aurrekaririk ez zuen kolektiboa, bertako aretoetan musikarekin eta artearekin zerikusia zuten saioak antolatzeko xedearekin. NoDaTari esker artista ezagunen saioak —John Acquaviva, Ian Pooley, Märtini Brös, Tiefschwarz, Chris Duckenfield edo Sideral— entzun ziren Bilbon.

DJV Soundek arrakasta handiz itxi zuen 2001eko Sónar jaialdia eta ordutik hainbat jaialditan pintxatzen ibilia da: Sun Dance Festival 2002 (Tallin, Estonia), FIB Benicàssim 2003 eta Electrogaia 2001 eta 2003 (Donostia). 2005etik Fever clubaren buru da Bilbon eta handik hiriko bizitza soziokulturala astintzen du. Horrez gain, Europa eta mundu zabalean pintxatzen du: Der Machine (Lovaina), Razzmatazz (Bartzelona), GOA (Madril), Barraca (Valentzia), Electromind Festival (Montpellier), Catwalk (Róterdam), Weekend (Berlín), Rote Sonne y Palais (Munich), Lazarus (Brusela), Flex eta Pratersauna (Viena) eta Docs DF (Mexiko).

Temas

Euskera

Fotos

Vídeos