http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Ia 500 adinekok hartu dute parte 'Piztu zure auzoa' programa komunitarioan

SERGIO EGUÍA

2016ko urriaz geroztik, 463 adinekok hartu dute parte Gizarte Politiken eta Osasun Publikoaren Sailak Pilar eta Landazuri auzoetan abian jarritako 'Piztu zure auzoa' programan, zeinaren helburua baita «auzoak atseginagoak eta irisgarriagoak izatea bertan bizi diren adinekoentzat, errazago ibiltzerik izan dezaten eguneroko jardueretan, besteekiko harremanetan eta kaleetatik paseatzen», azaldu du Peio López de Munain zinegotziak.

'Piztu zure auzoa' adinekoentzako zentro soziokulturalen ekimenez sortu zen 2016an, esperientzia pilotu gisa, eta Udalak garatzen dituen zahartze aktiboko programetako bat da. Zehazki, helburu hauek lortu nahi dira: adineko ahulak identifikatu eta laguntzea, pertsonak harremanetan jartzea, eta adinekoek auzoko baliabideak hobeto ezagutzea, horietarako sarbidea erraztuz. «Aldi berean, auzokoak informatu eta sentsibilizatzen saiatu gara, adinekoei laguntzeko sare komunitarioa osatzearren», azaldu du López de Munainek.

Pilarreko eta Landazuriko talde eragileak dira programaren funtsezko osagaietako bat, eta horietatik 60 pertsona inguru igaro dira. Horietako asko 80 urtetik gorako emakumeak dira, bakarrik bizi direnak, eta adinekoentzako zentroekin edo beste udal baliabide batzuekin inolako loturarik ez zutenak. Orain baliabideak ezagutzen dituzte, baita horietan parte hartzen ere.

Talde horiek aldian behin elkartzen dira interesatzen zaizkien gaiez hitz egiteko, eta 'Piztu zure auzoa' programaren barruko jarduerak diseinatzeko, esate baterako, udako programaziokoak (egungo gaiei buruzko solasaldiak, auzoan zehar paseatzen, zatoz jolastera!) eta Pilarreko eta Landazuriko ibilbide seguruak.

Jarduera horietan sortutako harremanei esker, 49 adinekok aholkularitza profesionala jaso zuten, edo udal baliabideetara bideratu zituzten. Orobat, harremanak lotu ziren auzoetako 180 gizarte-eragilerekin eta 120 dendarekin, eta horietako 15ek prestakuntza jaso zuten adinekoekin lagunkoi den establezimenduaren ziurtagiria lortzeko.

Gizarte Politiken Sailaren asmoa da 2018an esperientzia Koroatze auzora zabaltzea, eta jarduera zein denda lagunkoien sarea handitzea, beste berrikuntza batzuen artean.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos