Borrar
Miguel de Unamuno.
Adierazpen askatasuna

Adierazpen askatasuna

1920an, Unamunok 'Antes del diluvio' artikulua eman zuen argitara Valentziako egunkari batean

aritz gorrotxategi

Martes, 19 de junio 2018, 00:54

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

1920an, Unamunok 'Antes del diluvio' artikulua eman zuen argitara Valentziako egunkari batean. Bere jomuga nagusietako bat Alfontso XIII.a erregea izan zen. Artikulu harengatik auzitara eraman, eta hamasei urteko kartzela zigorra ezarri zioten. Antza denez, Unamuno lasai zegoen gainera etor zekiokeenaren aurrean, eta, bere abokatua helegitea tramitatzen ari zen bitartean, jite bereko beste artikulu bat argitaratu zuen Bilboko 'El Liberal' egunkarian. Poliziak aldizkariaren ale guztiak konfiskatu zituen, bai eta egunkariko zuzendaria deklaratzera deitu ere. Eraso horien aurrean garaiko intelektualak Unamunoren alde azaldu, eta elkartasun kanpaina bat jarri zuten abian. Hori bai, Unamunoren alde agertu zirenetako hainbatek ez zituzten gustuko bilbotarraren ideiak. Nolanahi ere, adierazpen askatasunaren alde egiten ari ziren, gustuko ez zituzten ideia eta iritziak aukera berdintasunean heda zitezen. Horretan baitatza adierazpen askatasuna. Gauza jakina da Unamunok eragin itzela zuela ez bakarrik pentsalari eta idazleen artean, baita politikaren agertokian ere. Unamunok berak esana da: «Susmoa dut Espainiako politikagintzako diputatu eta senatari gehienek baino eragin handiagoa dudala». Azkenean, neurri handi batean aipatu eragin horri esker, indultua eman eta zigorra barkatu zioten.

Primo de Riveraren estatu kolpearekin gauzek okerrera egin zuten, eta, jakina, Unamuno ez zen isilik geratzen zen horietakoa. Monarkiaren eta Direktorio Militarraren aurka idazten jarraitu zuen, hitzaldietan ere gogor egin zuen haien aurka. Ondorioz, erbestera zigortu zuten, eta han ere idazten jarraitu zuen. Fuerteventuran idatzitako gutun bat ezagutzera eman da orain gutxi. Honela dio: «El Primo de Rivera pasa las noches en prostíbulos… Es a la vez un borracho. (…) El desgraciado es triste mezcla de mentecato y loco. Es de los que primero disparan y después apuntan». Ezaguna da Unamunoren erbestearen historia. Diktadura erortzearekin batera itzuli zen, Errepublikarekin atarian. Jendetzak harrera egin zion kaleetan. Errepublikaren alde sutsu egin zuen hasieran; kontra gero. Millán-Astrayrekin izandako tirabira ezagunarekin bere burua erredimitu zuen nolabait. Ez naiz horretan gehiago luzatuko.

Ia mende bat igaro da geroztik. Unamunok orduan esaten zituenak ez dira, beharbada, gaur esaten diren zenbait gauza baino askoz leunagoak. Maila intelektualari erreparatzen badiogu, egia da alde handia dagoela Unamuno eta gaur egun zigortu dituzten txiolari, abeslari eta abarren artean, baina eskubideez ari gara, eta ez jakintzaz, eta eskubideei dagokienez denak gara berdinak. Egia da halaber zigorrak eta isunak norabide jakin batean etorri direla nagusiki, eta, aitzitik, eskuin muturraren baitan esandako astakeriek ez dutela gehienetan maila bereko zigorrik jaso (hori zigorra jaso dutenetan).

Gai korapilatsua da adierazpen askatasunarena. Ideiak adierazteko bitarteko bat bezala jaio zen. Geroztik bide luzea egin du, debeku eta zentsura artean. Sistema juridikoek eta gizarteak oro har mugak aitortu izan dizkiote adierazpen askatasunari. Batez ere, beste balore edo eskubideekin gatazkan sartzen denean. Stuart Millek «kaltearen printzipioa» aipatzen zuen; Feinbergek, berriz, «laidoaren printzipioa». Teknologia berriek hankaz gora jarri dituzte bi muga klasiko horiek. Batez ere, azken aldian jende asko (beharbada gehiegi) sentitzen delako iraindua edo mindua, eta ideien oraingo hedadura ahalmenak ez duelako zerikusirik duela hogei edo berrogei urtekoarekin. Banalizatu ere egin da adierazpen askatasuna. Ideiak adierazteko baino gehiago, irainak eta gustu txarreko hitzak adierazteko erabiltzen da nagusiki, baita mehatxatzeko ere. Guztiarekin, Unamunorekin gertatu bezala, eta Evelyn Beatrice Hall-ek asmatu eta Voltaireri egotzitako esaldi ezagunak zioen bezala: «Ez nago ados zuk esandakoarekin, baina nire bizitzarekin babestuko dut hori esateko duzun eskubidea». Beste kontu bat da eskubide hori behar beste adimenez erabiltzen ote dugun.

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios