http://static.elcorreo.com/www/multimedia/201707/04/media/zabalik-logo-ec.jpg

Abian da 'Mugak zabalduz' karabana

Iaz Grezian izan ondoren, Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Melillan ematen diren giza eskubideen urraketak salatuko ditu aurten

Atzerritarren Barneratze Zentroa, Grezian.
Atzerritarren Barneratze Zentroa, Grezian. / Virginia Enebral
VIRGINIA ENEBRAL

Lorpen handienak herritarren mobilizazioen ondorioz etorri dira beti: arraza-segregaziaren amaiera, emakumezkoen botoa, LGTBIko komunitatearen eskubideen aintzatespena... Utopia zirudiena heldu egiten da. Borrokak eta aldarrikapenek gizarteen kontzientziak astindu izan dituzte historian zehar, gobernuen immobilismoa hautsi arte. Eta orduan, orduan soilik, heldu dira aldaketak. Zoritxarrez, hori guztia ez da egun batetik bestera gertatzen eta Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideek jakin badakitenez. Horrexegatik ez dute etsiko.

Iaz Greziarako autobusen karabana bultzatu zuten Europar Batasuneko migrazio politikak salatzeko. Ceutako Tarajal hondartzako 15 hilketak eta Gernikako bonbardaketa ere oroimenean egon dira. Aurten, ordea, gertuagoko zaigun Hegoaldeko Mugan ematen diren urraketak —politika berdinen ondorioz gertatzen direnak— ikusarazi nahi dituzte. Horretarako, Melillara joango dira. Hesia, kontzertinak, berehalako kanporaketak edota Frontex agentziak erabilitako kontrol neurriak jardunbide onartezinak direla esango dute ozenki. Izan ere, Andaluziako Giza Eskubideen Aldeko Elkarteak (APDHA-k) garatutako txosten batek dio 2016an 295 pertsona hil zirela, aurreko urtean baino ehun etorkin gehiago. Kopuru hori are eta ikaragarriagoa da Estatura %3,4a baino ez dela heltzen kontuan izanda —Grezia eta Italiako kostaldeek hamahiru bider gehiago jaso dute—.

Datu etsigarri hauen ondoan, ideia bat argi ageri da: sortu zenetik Ongi Etorri Errefuxiatuak hazi egin da, kopuruan zein hedaduran. Jende gehiagoren laguntza du eta hainbat eskualde eta auzotan plataformaren anaia txikiak agertzen joan dira azkenengo urtean. 'Melillarako karabana: mugak zabalduz' hazkunde horren isla da parte-hartzea ia bizkoiztu egin baita. Euskal Herritik 200 pertsona abiatu dira gaur. Iaz bezala, ekimenak estatuko beste hainbat erakunde, elkarte eta talderekin indarrak batuko ditu bidaia elkarrekin egiteko; beraz, guztira 450 pertsona izango dira, edo beste modura izanda, zortzi autobus osatuko dute karabana.

Irteera goizeko 8.30etan izan da eta herrialdeko partehartzaileek Bardeetan geldialdia egingo dute gaur bertan, armen salmenta salatzeko. Horrez gain, bidean zehar estatuko zenbait Atzerritarren Barneratze Zentroak (CIE) bisitatuko dituzte bere itxiera eskatzeko. Melillara hilaren 18an helduko dira.

Emakumeenganako biolentzia

Bego Zugadi aurtengo fitxaketa da. Plataformaren berri bazeukan, baina Gernikako ekimenaren ondorioz gerturatu egin da. «Greziara joan ziren lagunei entzundako esperientzia onak bultzatu ninduen, baina erabat konbentzitu ninduena buruan dauzkadan hesiaren irudiak hain hurbil dagoen errealitatea izatea izan zen. Giza eskubideen urraketak egunero gertatzen ari direla jakin arren, zuzenean ikusten duzunean, arazoaren neurriaz ohartzen zara, gero ahaideei hobeto helarazteko eta baita gizarte kontzientzia hartzeko». Salaketa politikoa ez ezik, Europako eta Espainiako gobernuengandik datozen diskurtsoekin bat ez datorrela ikustarazi nahi du. «Errefuxiatuak eta migratzaileak —izan ere, zalantzazko desberdintasun juridikoaz aparte, bien arteko ezberdintasunik ez dago— pertsona duinak dira, inolako zerikusirik entzuten diren hitz arrazistekin». Bestalde, emakumezkoen errealitatea azaleratu nahi du. «Hesiaren eta pateren argazkietan gehienak gizonezkoak dira, baina emakumezkoak ere Mediterraneoan hiltzen ari dira. Feminista bezala garrantzitsua iruditzen zait haiek eta LGTBI pertsonek jasatzen dituzten berariazko urraketak ikustaraztea, hots, sexu salerosketa, biolentzia matxista, sexu erasoak...».

Greziara bidaiatu ziren Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako kideak. / Virginia Enebral

Nahiz eta Greziako bizipena gogorra izan, «nire burua aldatu zuen», aitortu du Javier Secok, Gernikako ekimenean «buru belarri» sartu zen; hortaz, Melillara joatea prozesu natural baten ondorioa dela adierazten du. «Mugetan pertsonen izaera ukatzen da. Migratzaile edo errefuxiatu etiketaren barruan sartzen ditugu denak eta bakoitzaren atzean istorio bat dago. Umeen kasuan gainera, geroa ziurtatu behar diegu». Secok plataformak zein karabanak izan duten zabalkuntza azpimarratzen du. «Sarea hedatuz joan da; izan ere, iaz bost autobus joan ginen eta aurten, ordea, zortzi. Aurrera begira, gure erronka sarea Europa mailan ere zabaltzea liteke».

Ekimenak pixkanaka-pixkanaka hedabideetatik desagertu egin den arazoa berriro mahaigaineratuko duela espero dute biek. Aldi berean, Melillan dauden aktibistei eta egoera hau pairatzen duten gizonezko eta emakumezkoei elkartasuna adieraztea ere du helburu. Nolanahi ere, 'Mugak Zabalduz' karabanak erakutsi —eta erakutsiko— duen indarra kutsakorra izan dadin da euren asmoa. «Erantzunkizuna gobernuei dagokio, haiek eusten baitute sistema kapitalista, enpresa transnazionalak, politika neoliberalak... Baina herritarrok ere badaukagula zereginik. Ikustarazi behar diegu beste Euskal Herria nahi dugula, guztiontzat lekua dagoen beste mundu bat eraiki nahi dugula eta euren interesak ez ditugula gureganatzen», onartu du Zugadik. Seco erabat ados dago: «Gobernuak ez dira berez mugituko, gizarteak mugiarazi behar ditu eta, horretarako, ez dugula mugarik egotea nahi eta eskubideak bermatu egin behar direla aldarrikatu behar dugu».

Fotos

Vídeos