http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abiadura handia

Goizean goiz hasten genuen bidaia aitari egunsentiaren freskuran gidatzea gustatzen zitzaion eta. Baina Madril atzean utzi eta gero, eguzkia zeruaren tontorrean kokatzen zenean, manta objektu antipatikoa bilakatzen zen

Abiadura Handiko Trena, leiho batean./Óscar Chamorro
Abiadura Handiko Trena, leiho batean. / Óscar Chamorro
Txani Rodríguez
TXANI RODRÍGUEZ

Gehiengoetan, lo iristen nintzen Madrileraino. Autoaren atzeko eserlekuetan bururdi eta manta bat jartzen zituzten gurasoek ni eroso joan nendin. Goizean goiz hasten genuen bidaia aitari egunsentiaren freskuran gidatzea gustatzen zitzaion eta. Oso atseginak ziren lehenengo ordu horiek, baina Madril atzean utzi eta gero, eguzkia zeruaren tontorrean kokatzen zenean, manta objektu antipatikoa bilakatzen zen. Geldialdi asko egiten genituen. Nik ondo asko gogoratzen ditut Mantxako bentak: kaseteak, gaztak, urdaiazpikoak. Errepide nazionalera itzultzen ginen eta nik lurralde lau horri begiratzen nion, lurralde errepikakor horri, eta zeru mugagabeari. Gurasoek bidaian jartzen zuten arreta eta ez zuten gehiegi hitz egiten. Despeñaperros igo behar genuenean, isiltasuna areagotzen zen: bihurgune, amildegi eta kamioi asko zeuden. Izena bera esanguratsua zen: Despeñaperros. Baina handik atera bezain pronto, kartel berde erraldoi bat agertzen zen. Andaluzian gaude dagoeneko, esaten zuen aitak kartela seinalatuz. Helmugatik gertu sentitzen nintzen, baina sentsazio faltsua zen.

Kordoban bazkaltzen genuen. Aitaren begietan nekea islatzen zen. Jantokian jesarri baino lehen, hankak eta bizkarra luzatzen genituen. Ordu pare bat inguru ematen genituen geldialdi horretan, bai atsedena hartzeko bai beroa saihesteko. Gero, Antequera, Campillos eta Cuevas del Becerro-tik pasatzen ginen; autopistarik ez zegoenez, herrien erdigunetik egiten zuen aurrera gure autoak. Rondara heltzen ginenerako, iluntzear zegoen eta geure herrian sartzen ginenerako, gau beltza. Dutxa hartu ondoren, etxearen kanpoaldean esertzen ginen, leher eginda, zoriontsu.

Odisea bat zen bidaia hura. Egun, Abiadura Handiko Trenarekin, Madriletik Malagara bi ordu eta erdi baino ez dira behar. Laster, Euskadin ere izango dugu AHTa. Bidaia luze haiek beste garai batekoak irudituko zaizkigu. AHTak baino abiadura handiagoa darama denborak, horregatik abiadura motelean birpasatzen dut ibilbide hori behin eta berriro, ilobei kontatzeko, agian, eta aitaren aurpegia ez ahazteko, seguru.

Temas

Ave

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos