http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abenduko zubian Ardoaraba itzuliko da, adin eta gustu guztietarako jarduerekin

Abenduko zubian Ardoaraba itzuliko da, adin eta gustu guztietarako jarduerekin

Abenduko zubian egingo da Gasteizko feria enogastronomikoa, hilaren 6tik 10era arte

I.AGOTE

Ardoarabak hamabigarren urteurrena beteko du aurten, irudi berriarekin eta adin eta gustu guztietarako jarduerekin, abenduko zubian Arabako eta Euskadiko erakargarri turismo nagusietako bat bihurtu baita. Urtero 95.000 pertsonatik gora hurbildu ohi dira erlaitz kantauriarreko eskaintza enogastronomiko onenaz gozatzera; edizio honetan, hiru karpa egongo dira irekita asteazkenetik larunbatera, eta tabernen ibilbidea igandera arte egin ahalko da. 28 txartel dituen txeketegiaren prezioa 13 euro da, iaz bezala.

Gasteiz On-ek antolatzen du feria, eta Gasteizko Udalak, Eusko Jaurlaritzak (Nekazaritza Sailaren eta Basquetourren bitartez) Arabako Foru Aldundiak, Vital fundazioak, Euskaltelek eta Kutxabankek babesten dute. “Ardoaraba Gasteizen kultura enogastronomikoarekin urtero egiten den hitzordu handia da. Edizio bakoitzean eboluzionatuz doan ekitaldia da, gure upeltegi, ostalaritza, merkataritza eta sektore turistikoarentzat funtsezkoa den feriaz gozatzen duten 100.000 pertsona ingururen eskaerari erantzuteko. Hori dela eta, aurten ere zenbait berrikuntza sartu dugu, inplikatutako sektore guztiekiko eta gainerako erakundeekiko lankidetzan”, adierazi du Enpleguaren eta Garapen Ekonomiko Iraunkorraren zinegotzi Nerea Melgosak.

Karpak Probintzia, Aihotz eta Foru plazetan egongo dira, eta goiz eta arratsaldez irekiko dituzte (12:30etik 15:00etara zein 19:00etatik 22:30era); ostegunean, berriz, arratsaldez bakarrik. Orobat, hiru informazio-etxola jarriko dira San Frantziskon, Urrezko Zeledonen plazan eta Bastiturri kalean, eta umeentzako gunea (ludoteka, jauziak eta trena) Andre Maria Zuriaren plazan.

Gainera, ‘txoko gastronomikoak’ leku berezia izango du; azken bi urteetako arrakasta ikusirik, berriro Foru plazako pilotalekuaren ondoan jarriko da, eta kalitateko euskal produktuak ezagutarazteko funtzio didaktikoa indartuko du. Goizean umeentzako jarduerak antolatu dira, sukaldean lehen urratsak ematen ikas dezaten era atsegin eta interaktiboan. Arratsaldean, hiriko sukaldariek jatekoa eta edatekoa uztartzen dituzten dastatzeak eskainiko dituzte, produktuak alderatzeko dastatzeak egingo dira, ardoak aurkeztuko eta pintxoak egingo, eta sukaldaritza erakustaldiak ere izango dira.

52 ekoizle

Hartara, Ardoarabak bultzada emango dio Gasteizi, Arabako Errioxari eta Arabako txakolinari esker mahastizaintza eta ardogintzari dagokienez pribilegiatua den lurralde baten hiriburu gisa. Izan ere, aurten 52 ekoizle bilduko dira bertan: Arabako Errioxako ardoen eta Arabako txakolinen 17, Arabako sagardoaren lau, bi jatorri-deitura gonbidatu, bestelako ardoa eta likoreen sei saltoki, eta produktu autoktonoen 14.

Karpetan, 31 upeltegik dastatzeak eskaintzen dituzten beste 10 ekoizlerekin partekatuko dute espazioa, eta Arabako Sagardogileen Elkarteak sagar zukua ekarriko du lehen aldiz, umeentzat eta alkoholik edaten ez dutenentzat.

Berritasun gisa, karpa bakoitzean bertan dauden upeltegiei buruzko informazioa eskainiko da: ardoak, uztak eta gainerako informazio interesgarria. Ardogile eta ekoizleei erostera animatzen direnentzat, Gasteiz Onek etxera eramateko doako zerbitzua eskainiko du hiri barruan.

Tabernen ibilbidea

Edizio honetan, 82 ostalaritza establezimenduk hartuko dute parte tabernen ibilbidean, eta 124 proposamen gastronomiko eskainiko dituzte. Betiko pintxo eta menu bereziei kazolatxoak batuko zaizkie lehenengo aldiz. Hartara, 2017ko Ardoaraba 238 proposamen gastronomikoetaraino iritsiko da.

Liburuxka bat argitaratuko da, parte hartzen duten tabernen eta eskaintzen zerrendarekin.

Ardoarabaren antolatzaileak jarduera berriak prestatzen ari dira, zeinak datozen egunetan azkenduko baitituzte, aurtengo feria inoizko erakargarriena izan dadin.

Hiriko saltokiek ere bat egiten dute bost egunez bertako aisialdiaren ardatza izango den jarduerarekin, hainbat eskaintza eginez: ia 400 establezimendutan, 20 eurotik gorako erosketengatik txartelak banatzen ari dira joan den astetik, 20 txeketegiren zozketarako; informazio-etxoletan abenduaren 4tik 9ra arte egindako erosketen txartela aurkeztuta, euroko deskontua egingo dute txeketegia erostean, eta deskontuak eskainiko dituzte Andre Maria Zuriaren plazako umeentzako gunerako.

Turismo helmuga

Ekitaldiaren bitartez, Ardoarabaren antolatzaile Gasteiz Onek erakundeak, entitateak, ostalaritzako establezimenduak, saltokiak eta abar batzea lortzen du, sinergiak sortu eta gure upeltegientzako erakusleiho ezin hobea bihurtzeaz gain, hiriko bizitza dinamizatzen baitu bost egunez, kalitateko turismoa erakartzen, Gasteiz ardoaren hiriburu gisa sendotzen, eta Araba helmuga enogastronomiko erakargarri gisa kokatzen.

Horrekin lotuta, hilaren 6an, 8an eta 9an autobusak antolatu dira nahi duten bilbotar eta bizkaitarrek eroso eta seguru hurbiltzerik izan dezaten Ardoarabara. Kutxabank erakunde laguntzailearen bezeroek lehentasuna izango dute lekua erreserbatzeko. Bisita gidatua egiteko aukera ere emango zaie, Gasteizko leku interesgarrienak ezagut ditzaten.

Esperientzia eta argazkiak sare sozialetan #momentosardoaraba traola baliatuz partekatzera animatzen direnak ‘urteko upeltegia’ zozketan sartuko dira, eta Ardoaraban parte hartzen duen ardogile bakoitzeko bi ardo botila irabazi ahalko dute. Gainera, txeketegiko kupoi ebakigarria betez, Arabako Errioxako Ardoaren Ibilbidearen barruko upeltegietan bisitak eta dastatzeak egiteko sei txarteletako bat irabazi ahalko dute.

Ordutegi, upeltegi, establezimendu eta abarrei buruzko informazio guztia www.ardoaraba.com web-orrian eskura daiteke.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos