http://static.elcorreo.com/www/menu/img/zurekin-desktop.jpg

Abenduaren 13an jarriko da abian Haur eta Nerabeen Elkargunea

Abenduaren 13an jarriko da abian Haur eta Nerabeen Elkargunea

SERGIO EGUÍA

Abenduaren 13an egingo du lehen bilera Haur eta Nerabeen Elkarguneak, 8 eta 14 urte bitarteko haur eta nerabeen parte hartzerako udal organoak, zeinei ahotsa emango baitie “haiek kezkatzen dituzten alderdietan, hiria eraikitzen parte aktibo izan daitezen”.

Gizarte Politiken zinegotzi Peio López de Munainek aurkeztu du gaur partaidetza-organo egonkor hori, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak sustatu duena eta UNICEFek Gasteiz Haurren Lagun den Hiria izendatu dezan lagungarri izango dena.

Elkargune berria Simone de Beauvoir elkarteen etxean eratuko da; gutxienez hiru hilean behin bilduko da, eta hauek hartu ahalko dute parte: banako umeek, aldez aurretik Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuari eskatuta, eta Aktiba(tu) programaren barruan dauden ikasleek —aurten Ramon Bajo, Hogar San José, Escolapios, Zabalgana BHI eta Sansomendi IPI ikastetxeek hartzen dute parte—.

“Espazio horretan, iritziak eta itxaropenak partekatu ahalko dituzte, eta proposamenak landu interesatzen zaizkien edo haiek garrantzitsutzat eta beharrezkotzat jotzen dituzten hiriko gaiez (ingurumena, bizikidetza, espazio ludikoak, aurren pobrezia, mugikortasuna, etab.)“, azaldu du Peio López de Munainek.

Elkargunean eztabaidatu ondoren, “foroaren ordezkari diren umeek Udalbatzaren batzorde politikoei, kontseiluei eta abarri aurkeztuko dizkiete beren proposamen eta ondorioak, Udalak kontuan hartu ditzan eta, garrantzitsuena dena, praktikan jarri eta gauzatu daitezen.”

Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna

Bestetik, Haurren Eskubideen Nazioarteko Egunarekin (azaroaren 20a) lotuta Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatu dituen jarduerak aurkeztu dira.

Haurrei eskubideei buruzko erakusketa ibiltaria gizarte etxeetan. Abenduaren 3ra arte.

Hiriko zebra-bideak margotzea haurren eskubideei buruzko mezuekin. Hiriko zebra-bide batzuk margotu eta errotulatuko dira, haurren eskubideei buruzko mezuekin. Ikastetxe hauetako ikasleek hartuko dute parte: Judimendi HLHI, Abendaño HLHI eta Lakuabizkarra HLHI. Eguraldia lagun, azaroaren 20, 21 eta 24an egingo da.

Informazio eta sentsibilizazio kanpaina Azaroaren 20ra arte, haurren eskubideekin lotutako kartelak eta mezuak zabalduko dira kalean, eta umeen artean eskubideen hitzarmenari buruzko eskuorriak banatuko dira.

“Berdintasunean hezi” 2018ko egutegia banatzea, Tratu Txarrak Jasotako Haurren Laguntzarako Euskal Elkartearekin batera. Jolas inklusiboa eta ez-sexista eta erantzunkidetasuna sustatzeko mezuak zabaltzen dira horren bidez, genero bereizketarik egiten ez duten zaletasunak bultzatzekoak… Haurrek parte hartzeko programaren barruko ikastetxeetan banatuko dira.

Peio López de Munainek herritarrak animatu ditu “jardueretan parte hartzera eta horiek zabaltzera, eta egunero umeen eskubideak ezagutarazi eta defendatzera, gure etorkizuna baitira”.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos